Oiartzuerazko hitzak proposatzeagatik ez dute inor harrika botako
Ttur-tturren erronka azkeneko astean sartu da, hamargarren hitzarekin. Oiartzuerazko hiztegia elikatzen jarraituko dute.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak irailean abiarazi zuen kanpaina bukaerara iritsiko da. Hamar astez, hitz edo esamolde bana proposatu diete oiartzuarrei, haiekin irudi edo bideo bat sare sozialetan parteka dezaten.
Gaur sartu dira azkeneko astean. Proposamena argia da: harrika bota. Horrekin sortutakoak sare sozialetara igotzeko deia egin dute, #harrikabota eta #hitzaoiartzueraz traolekin.
Oiartzuerazko hitzen dibulgazioa, baina, ez da dinamika honen amaierarekin batera bukatuko. Oiartzuarren Baitan barruko proiektuko hiztegia osatzen jarraitu nahi dute Ttur-tturrekoek.
Horrela, duela hilabete pasatxo hainbat kutxa jarri zituzten herriko hainbat txokotan. Herritarren proposamenak jaso dituzte, eta horietako batek deitu die arreta: itoxura hitzak. Facebooken eta Instagramen oiartzuarrei galdetu diete ea badakiten zer esan nahi duen hitz horrek.
Ala norbaiten harrikada izango da?