Hamasei hozkailu banatu dituzte Tichlan, Oiartzungo laguntzari esker
El Watan elkartearen laguntzari esker, errefuxiatuen kanpalekuan gailuak banatu dituzte. 'Oporrak bakean' beharrean, laguntza horrela bideratu dute.
El Watan Sahararekiko elkartasun elkarteak hamasei hozkailu banatu ditu Tichlan, beste hainbeste familiaren artean, Oiartzungo Udalaren laguntzari esker.
Tindufeko sahararren errefuxiatu kanpalekuetan dago Tichla, eta Oiartzunekin senidetuta dago.
Aurtengo udan ez da Oporrak bakean programarik egon. Horri esker, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetako haurrek uda Euskal Herrian pasatzeko aukera izaten dute. Horietako batzuen kasuan, Oiartzunen, bertako familiekin.
Aurten ezin izan direnez etorri, laguntza beste modu batera helarazi da Oiartzundik. Hozkailurik ez zeukaten hamasei familia horiei beste hainbeste gailu eman dizkiete, “euren bizimodua hobetzen laguntzeko”.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Sahararren aukeraketa egiteko ardura Tichlako alkateak eta hango zinegotziek egin dute, herritarren beharrak kontuan hartuta.