'Balas y violines' liburua aurkeztuko dute bihar Lekuonan

Ezkabako San Kristobal espetxeko ihesaldia du oinarri Vladimir Merino Barrera idazlearen azken liburuak.

Vladimir Merino Barrera idazlea. Argazkia: Ediciones Atlantis

Balas y violines —Balak eta biolinak— bere azken liburua aurkeztuko du bihar Lekuona Fabrikan Vladimir Merino Barrera idazleak. Ezkaba mendi gainean kokatuta zegoen San Kristobal espetxeko ihesaldia hartu du oinarri idazleak bere azken libururako. 1938ko maiatzaren 22an Ezkaba mendi gaineko espetxetik 795 presok egin zuten ihes, inoizko ihesaldirik handienean.

Jipoiak eta baldintza latzak egunerokoa ziren espetxe horretan. Preso gehienak sindikalistak eta errepublikazaleak ziren. Ihesaldia egiteko unean, ordu erdia baino ez zuten behar izan espetxea hartzeko presoek. Ihes egindakoen artetik hiruk baino ez zuten lortu muga igarotzea, eta gainontzekoak hil edo atxilotu egin zituzten.

1931ko urtarrilaren 1etik 195eko uztailaren 6an espetxea itxi zuten arte 305 preso hil ziren bertan.

Gudako haurren semea

Gudako haurren semea da Merino, eta Sobietar Batasuna zeneko Mosku pareko herrixka batean jaio zen 1951. urtean. Bost urte zituela Errenteriara etorri, eta bertan bizi izan zen 1985 urtera arte. Lan kontuak tarteko, Benalmadenara (Malaga, Andaluzia) joan zen urte hartan eta bertan bizi da egun. Aurretik, Todo comenzó con esta maldita guerra (Guda madarikatu honekin hasi zen guztia), El médico de los pobres (Txiroen sendagilea), Marinos de Matxitxako (Matxitxakoko nabigatzaileak), eta La colombiana (Kolonbiarra) liburuak argitaratu ditu.

Oarsoaldeko Pikoketa Errepublikazaleen elkarteak herritar guztiak deitu ditu bihar 19:00etan Lekuona Fabrikako udal bibliotekan izango den aurkezpenean parte hartzera.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.