Musikari tartea egingo dio OzZinemak
'Poly Styrene i am a cliché' filma da datorren asterako OzZinemaren proposamen berria. Hainbat musikariren ahotsak jaso ditu filmak.
Aukera ezberdinak eta eskaintza berritzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen du OzZinema zineklubak. Oraingoan musikari egingo dio tartea, eta horretarako, Dock of the Bay zinema dokumental musikalaren jaialdian publikoaren saria irabazi zuen Poly Styrene i am a cliché filma aukeratu du Niessen zinemetako pantaila handian erakusteko. Rock talde arrakastatsu bateko buru izan zen lehen emakume beltzaranaren pausuak erakusten ditu filmak. Marianne Joan Elliott-Said, Poly Styrene izen artistikoarekin ezaguna, X-Ray Spex punk rock talde britaniarraren abeslariaz mintzo da filma. Bere ahots pertsonala, bere identitatea eta kontsumismoaz eta distopiaz egindako testuek ikono kultural bilakatu zuten.
Alabaren narrazioarekin batera, Kathleen Hannaren (Bikini Kill/Le Tigre), Vivienne Westwood diseinatzailearen, Neneh Cherryren, Gina Birchen (The Raincoats), Don Letcuts DJ eta dokumentalistaren, Thurston Mooreren (Sonic Youting) eta beste hainbat musikariren ahotsak batu ditu filmean zuzendariak.
Asteartean emango du filma OzZinemak, 19:30ean Niessen zinemetan. Sarrerak 4 euroan eskura daitezke dagoeneko ohiko bideetatik.