Zuhaitzak mozteagatik jarri dituzten mezuen harira, udalaren erantzuna
Anbulatorio berria eta alokairuko 52 zuzkidurazko etxebizitza eraikitzen ari diren inguruan, zuhaitz batzuk moztea leporatu diote Lezoko Udalari. Mezu hauei erantzuna eman dio udalak, eta zuhaitz berri batzuk beste leku batean landatuko dituztela baieztatu dute.
Lezoko Udalari Aralar kale inguruan zuhaitzak moztu izana leporatzen dien lau pankarta agertu ziren asteburuan, zehazki, alokairuko 52 zuzkidurazko etxebizitza eta anbulatorio berria eraikiko dituzten orubean. Honi erantzuna eman dio Lezoko Udalak, hiru puntukoa (behean, hitzez hitz, hiru argudioak):
1. Egungo Udal Gobernuak baimena eman du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sustatutako obra egiteko. Sail hori arduratzen da Aralar kaleko orubean hasi diren lanak egiteaz.
2. Egin beharreko obrek gazteentzako 52 zuzkidura-etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du. Era berean, egingo den eraikinaren beheko solairuan Lezoko anbulatorio berria kokatuko da, egungoa baino handiagoa eta zerbitzu gehiagorekin.
3. Garbiketaz arduratzen den enpresako langileek pankartak kentzen ari zirela, mehatxuak eta larderiak jaso zituzten. Jokabide hori ez da onargarria.
Amaitzeko, eraikuntza lan horiek egiteko zuhaitz horiek kentzea ezinbesteko zela esan du udalak, eta esan du horien ordez beste zuhaitz batzuk jarri dituztela herriko beste tokietan, “beste aldi batzuetan” hala egin dutela esanez.
