[Elkarrizketa] “Atetik sartu eta espazio seguru batean daudela sentitzen dute”
Indarkeria matxista jasan duten emakumeei laguntza psikologikoa ematen diete Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxean. Tamalez asko dira harengana jo dutenak: «Itxarote zerrenda dago».
Asko izan dira zerbitzua abiatu zenutenetik zuengana jo duten emakumeak?
Bai, asko izan dira. Egun esan dezakegu itxarote zerrenda dagoela. Astero dei asko jasotzen ditugu, uste baino emakume gehiagok behar dute laguntza psikologikoa tamalez. Oarsoaldeaz gain, Bidasotik ere etortzen zaizkigu emakumeak, lagun, arreba edota bizilagun batek gomendatuta.
Zein da zerbitzua eskatzen duten emakumeen profila?
Askotariko profilak dira, ezberdinak. Baina denak ezinegon sentsazio horrekin datoz, beraiek diotena da ez daudela ongi. Askotan, gainera, ez dakite zergatik den sentsazio hori. Gero egia da prozesu depresiboetan datozela asko, jatorri askotarikoak gainera. Baina denak, oro har, onartu gabeko ezinegon batekin iristen dira. Bakardadea, porrot sentsazioa… denetik ikusi dugu. Adinari dagokionez ere oso ezberdinak dira profilak. 17 urteko neska gazteei eman diegu zerbitzua, baina baita 70 urte inguruko emakumeei ere.
Zeintzuk dira ohiko sintomak?
Zoritxarrez zenbat patroi errepikatzen dira. Indarkeria asko errepikatzen den patroi bat da, eta askotan, gainera, indarkeria egoera bat dela aitortu gabe. Nirekin esertzen direnean, beti esaten diet haiek direla agintzen dutenak, nik soilik ispilu bezala egin dezaket. Haiek sentitzen duten horri izen bat jartzen diot, ni soilik lanabes bat naiz. Askotan sintoma horiek ezkutuan daude, hau da, tristura, bakardadea eta porrot sentsazio hori asko errepikatzen da. Antsietatea, larritasuna eta krisi ugari ere ikusi ditugu zoritxarrez. Eta gero, insomnioa, buruko minak edota bestelako minak… Eta ohartu naiz oso medikatuak daudela emakume asko. Osakidetzara jotzen dute, eta orokorrean bide erraza hartzen dute medikuek. Medikuarekin hiru minutu besterik ez dituzte, eta gurekin, ordea, 40. Orduan, zer pasatzen zaien jakitea errazagoa da hemen, emakumeak hemen prest agertzen baitira hitz egiteko, benetan irekitzeko. Eta gero, psikologo gisa lanean hasi nintzenetik ikusi dut denek sekulako beharra dutela hitz egiteko. Askotan ez diet ezta galderarik egin behar, emakumeak hasten baitira kontatzen. Horrek pista batzuk ematen dizkit: emakume hauek gutxi elkarbanatzen dute, eta behar handi hori dute.
Baina oso atsegingarria da emakume batekin terapia egin eta handik urtebetera zer nolako bilakaera izan duen ikustea. Aurrera pausoak eman arren, normalean aitortzen dute oraindik ez direla benetan sendatu, eta egia da hori, programa guztiak ez baitira nahikoak oraindik.
Beraz, Emakumeen Etxean bigarren etxe bat aurkitu dutela esan daiteke?
Bai, hala dela uste dut. Espazio seguru honek asko laguntzen du. Hemengo atetik sartzen direnean espazio seguru eta onuragarri batean sartzen ari direla sentitzen dute, eta egia da. Euren etxea da, etxean edo lanean aurkitu ez duten hori aurkitzen dute askok hemen. Ate handi bat da. Batzuetan oso zaila da laguntza eskatzea, eta hemen sostengu edo babes hori aurkitzen dute. Uste dut gauza oso politak egiten ari garela Emakumeen Etxean, gizartea aldatzeko gai izan daitezkeenak. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko udalerri guztiek beharko lukete emakumeen etxe bat, beharrezkoak dira. Itzela litzateke espazio hau eskaerarik edo beharrik ez dagoelako hiltzea, baina oraindik bide luzea dugu egiteke.
Zein da zure lana emakume baten eskaera jasotzerakoan?
Harrera funtsezkoa da, bertan egiten duten lan horri jarraipena ematen diodalako. Haiekin parez pare jarri eta bi galdera egiten dizkiet: «Zergatik etorri zara? Zerk bultzatu zaitu gurera jotzera?». Orduan hasten da lana. Hiru-lau bat saio egiten ditut emakumeekin, eta gero bestelako proiektuetara bideratzen ditut. Emakume sare asko daude. Hemen, esaterako, askotariko tailerrak eta ekintzak antolatzen dira, eta horietan parte hartzera gonbidatzen ditut. Saio hauetan emakumeak eroso sentitzen dira, ongietorriak. Hala ere, egia da kasu bereziak daudela, lanketa berezi bat eskatzen dutenak.
Egoerari bira emateko gai izaten dira emakumeak?
Noski baietz, bestela ez nintzateke hemen egongo, nire lanean sinistu behar dut. Aldunditik hainbat programa bideratu dira indarkeria matxista jasan duten emakumeak laguntzeko. Programa asko daude, egoera aldatu da, baina egia da ez dutela beti funtzionatzen. Zoritxarrez badira emakumeak ez direnak gai egoerari bira emateko, izan ere indarkeria matxista delitu oso serioa da, sekulako ondorioak uzten ditu biktimarengan.
Aldi berean eta zorionez badira egoera gainditzeko gai direnak, eta ez hori bakarrik, emakume batzuk euren egoeraren antzeko bat bizitu dutenei laguntzeko pausoa eman dute. Horregatik dira hain garrantzitsuak emakumeen sareak. Zentzu horretan, hemengo Emakumeen Etxean sare berri bat osatzen ari gara. Oso proiektu interesgarria izango da, beharrezkoa gainera. Aurki emango dugu horren berri.
Indarkeria ez da fisikoa bakarrik.
Hala da, bai. Indarkeriak fazeta asko ditu, ez bakarrik fisikoa. Sexuala, ekonomikoa, etxekoa, sareetan ematen dena… Indarkeria fisikoa frogatzen errazena da, baina batzuetan ez da dirudien bezain erraza, hori ere egia da. Urte luzez ‘zu inozoa zara’; ‘ez dakizu ezer ongi egiten’; ‘nigatik ez balitz kalean egongo zinateke’; edo ‘nola engainatu zenidan nirekin ezkontzeko’ bezalako esaldiak entzuten dituen emakume bat indarkeria jasaten ari da. Eta sexuala ere uste baino ohikoagoa da. Badirudi bikote batean bortxaketa ez dela existitzen, baina uste baino ohikoagoa da. Badira hogeita bost urtez senarrarekin lorik egiten ez dutenak, harreman sexualak egitera behartzen dituztelako bestela.
Beti galdetzen diet: ‘Baduzu emakumerik gertu hori kontatzen diozuna?’; eta askotan ezetz esaten dute. Erasotzaileak kendu die sare hori. Isolatuta zaurgarriagoak gara emakumeak. Sarean indartsuagoak gara, beharrezkoak dira sare horiek.
Konfinamendu garaian, gainera, 24 orduz erasotzailearekin bizi behar izan zuten emakume askok. Zein egoera bizitu zuten?
Infernu bat bizitu zuten, ikaragarria. Lehen konfinamenduan telefonoz ematen nituen psikologia saioak. Hasiera batean ez ninduen gehiegi erakarri formulak, baina txundituta geratu nintzen emakumeekin. Sekulako beharra zuten hitz egiteko. Pentsa, guretzako zaila izan bazen konfinamendua, dominatzen zaituen pertsona batekin egun osoa pasatzea beldurgarria izan zen. Gogoan dut emakume batzuk komunean sartzen zirela nirekin hitz egiteko, eta askotan ezin zioten deiari erantzun, senarra gertu zegoelako. Oso gogorra izan zen. Gutxi ez balitz, asko haserretu ninduen albiste bat zabaldu zen orduan. Honen arabera, konfinamendu garaian %40 hazi ziren indarkeria matxistaren salaketak, eta hori sekulako gezurra izan zen. Nola igoko dira salaketak ezin bada etxetik atera? Errealitatetik oso urrun zegoen albiste hori. Gora egin zuen gauza bakarra indarkeria izan zen, baina ez salaketak.
Nola identifikatu erasotzaile bat, bada ezaugarri komunik haien artean?
Beti diot erasotzaileak ez zaizkidala inporta. Duela urte batzuk emakume batek esan zidan zergatik ez ziren erasotzaileak tratatzen emakumeak beharrean. Baina horretan asko pentsatu ostean, gogoeta batera heldu nintzen: erasotzailea da indarkeria hori egitea erabakitzen duena. Erasotzaile izatea erabaki du, bere hautua izan da, eta biktimak ez du sekula erasotua izateko erabakirik hartu.
Uste dut denak boterearen erabilerarekin zerikusia duela. Beti indarkeriak balio du beste modu batera lortu ezin duzun hori lortzeko. Indarkeria matxista emakume baten aurka ematen da emakumea delako. Egun, gazte asko daude euren bikotekidearen menpe, adibidez. Sakelako telefonoa kontrolatzen, zure lagunen kontra gaizki hitz egiten… modu askotara identifika daitezke, gaztetatik gainera.
Beraz, arazoa errotik konpontzeko, gazteen heziketan dago gakoa?
Berdintasunezko heziketa da arazoa errotik mozteko giltzarria, zalantzarik gabe. Ongi legoke egungo mutil gazteak nesken azalean jarriko balira, hasiera ona izango zen hori. Gaztetan hasten dira kasuak, eta uste baino gehiago pasatzen da egun. Horrelako egoeraren bat pairatu behar izan duten neska edo emakumeei sare feministetara jotzea gomendatuko nieke, eta noski, gurera. Emakumeen sareek funtzionatzen baitute, hori erakutsi dugu azken hamarkadetan. Zailena pausoa ematea da, horretan laguntzeko gaude.