[Galeria] "Feministok borrokarako eguna dugu gaur"
Lehen hitzak, indarkeria matxistak Euskal Herrian hil dituen Aintzane Pujana, Kontxi Gonzalez, Maria Pilar Berrio, Erika Tavares eta Miarritzen senarrak hil zuen 75 urteko emakumearentzat izan dira; ozen esan dute gogoan dituztela denak.
Azaroaren 25aren harira, indartsu atera da mugimendu feminista, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzera. Garbi esan du, “feministok borrokarako eguna dugu gaur”.
Manifestazioa zegoen deituta, baina eguraldiaren iragarpenaren harira bertan behera utzi eta horren ordez Herriko Plazan bildu dira bertaratutako hamarnaka herritarrak. Zirika Feminista Gazte taldeak bildutako indarkeria matxista testigantzak entzun dituzte elkarretaratzea egiten zuten bitartean, eta ondoren performancea egin dute mugimendu feministako hainbat kideek udaletxeko arkupeetan. Hitzartzea heldu da ondoren.
Lehen hitzak, indarkeria matxistak Euskal Herrian hil dituen Aintzane Pujana, Kontxi Gonzalez, Maria Pilar Berrio, Erika Tavares eta Miarritzen senarrak hil zuen 75 urteko emakumearentzat izan dira; ozen esan dute gogoan dituztela denak. Horiek, erailketa matxistak indarkeria matxistaren muturreko adierazpenak direla baina gaurkoan ikusezina den indarkeria matxista jarri nahi dutela jo puntuan esan dute.
Zaku zabal horretan, indarkeria matxistaren ertz denak sartu dituzte eta banan bana izendatu lehen lerroan jartzeko: Tratu txar ppsikologikoak, tratu txar sozialak, tratu txar ekonomikoa, indarkeria bikarioa, , indarkeria instituzionala, lan jazarpena, ziberjazarpena, groominga, mehatxua, txantaia, “indarkeria matxistarekin egunero bizi garenok, batzuetan ukalbikadak jasotzen ditugu, baina beste batzuetan mehatxuak dira, , gutxiespena, piropoak, txisteak, kontrola…”.
Biolentzia ugari hurbil gertatzen dira, eta horregatik, ikusten ez denari begiratzera deitu dute gaurko mobilizazioaren osteko hitzartzean, “begira diezaiegun bikote harremanei, lagun inguruari, familiartekoei, militantzia sareei… Maitasun erromantikoaren mamutzarraren izarapean eraikitzen diren harremanak, gizonen nagusitasuna iraunarazten dutenak, emakumeak sotilki baztertzen gaituztenak. Finean, eraso bat eraso dela ikustea zailtzen digutenak”. Mezu garbia: “Egin dezagun ikusgarri ikusezina”.
Mitoak deuseztatzera deitu dute, gainera, gaurko mobilizazio jendetsuan; eta hala, gizon erasotzaileek gaixotasun mentalen bat izaten dutela; gizonak berez direla bortitzak eta batzuetan edonork gal dezakeela kontrola; alkoholaren eraginpean zegoen; emakumeak salaketa faltsuak jartzen dituzte etekin ekonomikoak lortzeko eta etxean geratzeko; kontu pribatua da eta trapu zikinak etxean garbitzen dira; indarkeria matxista diru sarrera txikiko, kultura maila eta etnia batzuetako familietan baino ez da gertatzen; indarkeria matxista isolatutako zerbait da; edota, neska ospe txarrekoa zen, oso probokatibo janzten zuen gisako esaldiak ezabatzea ezinbestekoa jo du mugimendu feministak,” errealitatea mito horietatik urrun dagoelako, baina oraindik ere uste horiek mantentzen dira”.
Indarkeriak dituen adierazpenak identifikatuko dituztela erantsi dute, baita zalantzan jarriko dituztela ikasitako arauak, “borrokarako prest gaude, eguneroko borroka da gurea”. Indarkeriarik gabeko bizitzak orain aldarrikatu dituzte, eta euren bizitzak defendatzeko autodefentsa feminista antolatu baten aldeko hautua berretsi dute gaurkoan: “Beldurra izateaz nekatu gara, boteretze kolektiboaren aldeko hautua egin dugu, autodefentsa feministaren aldeko hautua!”.