Abenduko zubian Arditurri bisitatzera gonbidatu dituzte herritarrak
Datorren asteko zubia "bertako meategi honek duen xarma ezagutzeko aukera bikaina" dela diote parketxeko arduradunek. Abenduaren 6an trenez joateko aukera eskainiko dute.
Datorren asteko zubian Arditurri bisitatzeko gonbita luzatu berri diete herritarrei, eskaintza berezia prestatu baitu parketxeak. Zubia “bertako meategi honek duen xarma ezagutzeko aukera bikaina” dela diote Arditurriko arduradunek.
Hala, abenduaren 3tik 6ra eta 8an 10:00etatik 14:00etara zabalduko dutela aurreratu dute.
Abenduko lehen asteburu horretan bideo labur bat estreinatuko dutela iragarri dute. Bisitari guztiek Arditurri 3 izeneko galeria erromatarraren bideoa ikusi ahal izango dute.
Abenduaren 6an (astelehena da) gainera, trenez hurbiltzeko aukera izango da, urteko azken bidaia izango dela aurreratu dute. Trena Pagoaldea poligonotik abiatuko da. Trenaren eta oinarrizko bisita baten prezioa 5 eurokoa da (13 urtetik beherakoentzat 3 euro) eta trenaren eta sakoneko bisitarena aldiz, 7 eurokoa (13 urtetik beherakoentzat 5 euro).
Aurretik izena eman beharko dute interesdunek, 943 49 50 69 telefono zenbakira deituta.