[Elkarrizketa] Katerin Artola: «Garaikurra nire etxean geratuko da, betirako. Ohore handia da»
Oiartzuarrak Euskal Herriko Aurresku Txapelketa irabazi zuen joan den hilaren 6an Hondarribian, hirugarren aldiz jarraian gainera. Hurrengo erronka, sueltoan txapela eskuratzea.
Hirugarren urtez segidan Euskal Herriko dantzari onena izan zara. Espero zenuen?
Egia esan ez nekien zer pasako zen, baina banekien aukerak nituela. Irailean lehen txapelketa izan nuen, eta hirugarren geratu nintzen. Egia esan bestean baino lasaiago aritu naiz azken honetan, ez nuen presio hori, eta agian horrek lagundu du hirugarren hau irabazten.
Zer sentitu zenuen beste behin zure izena entzuterakoan?
Egia esan momentu horietaz ahaztu egiten naiz [barrez], ez dut oso ongi gogoratzen. Baina poz handia sentitu nuen, bereziki nire alboan laguntzen ibili direnak gogoratu nituen.
Hiru jarraian izanik, badirudi erraza dela, baina lanketa handia dago atzetik, ezta?
Hala da, bai. Zortzi bat urterekin hasi nintzen txapelketetan lehiatzen, eta uste dut urte luze guzti hauetan egindako lanaren fruitua dela. Ez da bide erraza, lan handia dago atzetik, entsegu gogorrak.
HITZA-k egindako elkarrizketa batean esan zenuen nahiago zenuela bikotean aritzea.
Egia esan oso ezberdina da bakarrik edo bikote batekin aritzea. Aurreskuan zu bakarrik zaude eta musika serioagoa da. Aurreskuan epaileak teknikoki zorrotzagoak dira. Sueltoan nik uste subjektiboak direla baloratzerako garaian. Gainera, musika askoz ere alaiagoa da: trikitia, panderoa… Eta bikotearekin egoteak asko laguntzen du. Iker Belintxonekin aritzen naiz lehian, eta berak asko laguntzen nau lasaitzen, momentuaz disfrutatzen. Dantzan ari garen bitartean asko animatzen nau, eta horrela dena errazagoa da.
COVID-19ak erabat baldintzatu ditu txapelketak. Egoerara ohitu zarete?
Aurreskuko nire lehen txapela orain dela bost urte irabazi nuen. Orduan, osasun egoeragatik bi urtetan ez da finalik jokatu. Berriro hastea bezala izan da, egoerak bai izan duela eragina, kostatu zaigu dantzarioi. Sueltoan, adibidez, urtean hamabost bat txapelketa izaten dira, eta aurten sei bat izan dira bakarrik. Berreskuratzen hasi dira, gogoz ginen egia esan.
Aurtengoan, gainera, jasotako garaikurra zure etxean geratuko omen da, ezta?
Halaxe da, bai. Hiru urtez jarraian irabazten baduzu edo bost aldiz txandakatuta garaikurra ematen diote udalari. Joan den astean egin genuen entrega ekitaldia, eta udalak erabaki zuen nire etxean gordetzea. Niretzat izango da, betiko etxean geratuko da. Oso berezia da horrelako sari bat etxeko salan izatea. Gainera, garaikur hori nik bakarrik irabazi dut orain arte, ni izan bainaiz lehena hiru aldiz segidan irabazten. Ohore handia da.
Iritsi zaigunez, datorren urtean agian ez zara aurresku txapelketan ariko. Egia da?
Oraindik ez dakit zer egingo dudan datorren urtean, pixka bat urruti ikusten dut orain. Orain deskantsatu nahi dut, eta ez dakit, egia esan. Urte ero hauen ostean gogoz nintzen hirugarrena lortzeko. Hemendik hilabete batzuetara agian ez dut horrela pentsatuko, ez dakit zer egingo dudan. Hori bai, dantzan jarraituko dut, inolako zalantzarik gabe.
Oholtzatik harago, epaile eta irakasle gisa ere aritzen zara. Ezberdin ikusten da behetik?
Oso ezberdina da. Behetik ezagutu dut epaileak nola puntuatzen duen. Orain dela bi urte hasi nintzen horretan, eta beste era batera ikusten da behetik dena. Ikasteko asko balio duela esango nuke, ikasten jarraitzeko modu bat ere bada zentzu batean. Behetik errazago atzematen dira akatsak, zuk egiten duzun akats hori beste dantzari batean ikus dezakezu. Nahiz eta urte asko eman dantzan, oraindik ere ikasten jarraitzen dut, eta polita da hori.
Zein duzu hurrengo erronka nagusia?
Aurreskuan irabazi ahal nuena irabazi dut jada, baina sueltoan baditut helburuak. Aurreko urtean Euskal Herriko txapeldunak izan ginen Iker [Belintxon] eta biok, baina aurten tamalez ez da posible izan. Hortaz, berriro ere sueltoko Euskal Herriko txapela eskuratzea gustatuko litzaiguke, hori izango da helburu nagusia. Orain deskantsatzea tokatzen zaigu, baina berehala horretan zentratuko gara, entseatzen hasiko gara aurki, helburu horrekin.