2022ko Gabonetarako oparia, eraikin balioanitza
Mendiburu 14ren aurreikuspenak betetzen ari dira, eta aurtengo irailerako bukatu beharko lirateke lanak. Ekipamendua jarrita, datorren Gabonetan prest egon beharko luke.
Pasatu berri da Gabonen ziklo ia bukaezina, eta datozen Gabonek oparia ekar diezaiokete Oiartzuni: dena ondo bidean, ordurako Mendiburu 14 eraikin balioanitza bukatuta egongo da. Orain dela bi urte hasi ziren lanak, eta egun, elizaren kanpandorrearekin batera urrutitik ikusten dira garabiak, jo eta su lanean ari diren seinale.
Barne-igeltseritza lanak egiten ari dira momentu honetan, eta, epe motzean, instalazioak egiten hasiko dira. Horren berri eman dio Oiartzungo Udalak HITZA-ri. Orain arte beste bost fase egin eta bukatu dituzte: euste horma eraikitzea; zimentazioa ezartzea; geotermiarako hoditeria pasatzea; hormigoizko egitura bermatzea; eta estalkia inpermeabilizatzea.
Lanek atzerapen txiki bat izan zuten 2020ko udaran. Izan ere, Mendiburu 14 eraikitzeko egin behar izan ziren lur mugimenduek artesia sorrarazi zuten Done Eztebe parrokian. Udalak, lasaitze aldera berretsi duenez, «kontrolpean» dago duela urte eta erdi sortu zen ez ohiko egoera hori. «Maiztasunez kontrolatzen zen zer ari zen gertatzen; dagoeneko ez dago arazorik», azaldu du udalak. Gaineratu dutenez, ez da beste espero gabekorik izan. Atzerapen txiki bat sortu zuen lanetan.
Edukiontziaren sorreran ezustekoak egon ondoren, edukian ez da sorpresarik izango. Ez da kultur etxe soila izango: beheko solairuan bai egongo da kultur aretoa, baina egongo da besterik. Lehenengo solairuan Gazte Izanak erretiratuen elkartearen egoitza berria egingo dute, taberna propioarekin. Bigarren solairuan, berriz, herriko euskalgintzak hartuko du ostatu: udala, UEMA, Intxixu-AEK, Ttur-Ttur, Oiartzun Irratia… Erabilerarako data zehatzik ez dagoela aitortu du udalak. Mendiburu 14 eraikitzeak Fermiñene libre utziko luke, beste udal zerbitzuentzako.
Data zehatzik ez dagoen arren, kultur aretoaren funtzionamendua zirriborratzen hasi dira herriko hainbat eragile eta norbanako. Hala ere, kudeaketa formaletik harago joan nahi du prozesu horrek: Nolako kulturgintza nahi dugu Oiartzunen? galderari erantzun nahi diote. Finkatu beharko den ildoa da hori. Urte bukaerarako finkatuta egongo den mugarria badakite zein izango den, ordea: Mendiburu 14.