"Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da"
Sara Pina Ieregiren hilketa salatzeko, plazan elkarretaratzea egin dute. Baliabideak eskatu dizkiete erakundeei, eta gizarteari, espazioen eraldaketa beharra.
Oiartzungo Feministen Asanbladak eta Hatzamarkak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, plazan. Sara Pina Ieregiren hilketa salatzeko elkartu dira. Corteseko 38 urteko emakumea hilda agertu zen Tuterako etxean, sabelean labankadak zituela; ikerketak haren senarra jotzen du egiletzat.
Elkarretaratzea bukatzean irakurketa egin dute mugimendu feministako kideek. “Urtarrilaren lehen hamabostaldia oraindik pasatu ez, eta dagoeneko lehenengo erailketa matxistaren berri izan dugu”, gaitzetsi dute. “Garbi dago emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik”. 2003tik 113 dira Euskal Herrian indarkeria matxistak hil dituen pertsonak.
Arazo “estrukturala” dela esan dute. “Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdin oihukatzeaz, baina ez gara isilduko”.
Baliabideak eta espazio seguruak
Erakunde publikoei baliabideak eskatuko dizkiete, “berriz ere”. Izan ere, mugimendu feministaren ustez, eraldaketa soziala nahi bada, hainbat alorretan “batera” lan egin behar da. “Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz bukatu behar dute”.
Behar horiek zerrendatzen hasi dira: osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsal bat. “Izan ere, babestu behar gaituztenen joko-arauak berriro porrot egin du”, jarraitu dute.
Zerbitzu publiko “osasuntsuak” aldarrikatu dituzte, baita “biolentziarik gabeko espazio seguruak” ere. “Gizarte sozial moduan gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu, hainbat iniziatiba bultzatu behar ditugu…”, adierazi dute.
Horretarako guztirako, indarrak batu eta eraldaketa bultzatzera deitu dute. “Borroka hau geldiezina da”, ohartarazi dute, “eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik”.
Arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabeko gizarte batean sinesten dutela berretsi dute. “Denok bizitza duin bat nahi dugulako, eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako… gora borroka feminista!”.