[Erreportajea] Maleta bete elkartasun iritsi da Oarsoaldetik Saharara
El Watanek eta Bixi-Bixi elkarteek, elkarlanean, 30 maleta bidali dituzte Saharara, oinarrizko materialarekin. Oporrak Bakean-en ordezko egitasmoa da.
Abenduan 30 maleta goraino beteta iritsi ziren Tindufera. Oiartzungo El Watanek eta Donibaneko Bixi-Bixik elkarlanean antolatutako proiektu bati esker iritsi da materiala. Egitasmo hori, baina, B plan bat izan da, osasun egoerak hala behartuta.
Pandemia iritsi baino lehenago, Oporrak Bakean izenekoa egiten zuten: Saharako hainbat haurrek Euskal Herrian pasatzen zuten udara, egoera hobeago batean. COVID-19ak eten zuen hori. 2020an, El Wataneko Esti Juanesek gogorarazi duenez, maleten egitasmoa martxan jarri zuten herrian.
Oiartzuarren artean diru bilketa egin zuten, eta Saharan zituzten beharrak identifikatuta, komertzio zehatz batzuetara jo zuten: Urrats paperdenda, Kinkilla mertzeria, Baobab arropa denda eta Alcampo. «Janaria ezin zen bidali, muga itxita zegoelako eta asko luzatuko litzatekeelako iristea. Orduan, eskolako materiala, jostekoa —disfuntzioa duten pertsonen eskolarako—, arropak eta zartaginak, lapikoak eta abar jaso ditugu», azaldu du Juanesek.
Hasieran, Oiartzunera etortzekoak ziren 8-9 haurrei bidaliko zizkieten maletak, haiekin ahaztu ez direla erakusteko. Gehiago izan ziren: «Izugarrizko material piloa jaso genuen, eta erabaki genuen Oiartzunera etorri diren 30 haurrei bideratzea». Udalaren prestutasuna eskertu du El Watanek: haurren etorrera finantzatzen du, eta bidaiak bertan behera geratu zirenean, proiektua moldatzeko aukera eman zieten.
Alternatiba finkatu, landu, eta materiala prest zegoen, baina mugen irekierari itxaron behar zioten. Oiartzunen bizi diren saharar batzuen bitartez iritsi ziren maletak Aljeriara, autoetan.
Eragina guztiengan
Juanesek nabarmendu duenez, Oporrak Bakean egitasmoa garrantzitsua da Saharako kausarentzat: «Haurrak Saharako egoeraren enbaxadore dira. Gogorarazten digute haurrak errefuxiatuta direla, eta egoera oso txarrean bizi direla. Gainera, bada mugimendu bat oso tapatuta dagoena komunikabideen aldetik, eta haurrak telebistan pare bat minutuz ateratzeko balio du».
Horrez gain, haurrak hango klimatik ateratzeko balio du, dieta orekatuagoa emateko zein proba medikuak egiteko. Gainera, gaixotasunak dituzten haurrek etortzeko lehentasuna izan ohi dute. «Hori guztia COVID-19ak eten du, baita haurrak jasotzeko prest zeuden bertako familien ilusioa ere. Kultur nahasketa da, zure espazioa partekatzea, elkar ikasketa bat, eta hori guztia galdu egin da. Pena eman digu. Urtetik urtera aurrera ateratzea gero eta gehiago kostatzen zaigun egitasmoa da. Bi udako geldialdiak min handia egin digu».
Izan ere, momentu honetan dena «stand by» dagoela esan du Juanesek: «Zaila da egoera. Saharako ordezkaritzak esaten digunaren zain gaude, eta horren arabera erabakiko dugu Oporrak Bakean berriro hartu ala alternatibaren bat bilatu beharko dugun».
Ez dira geldirik egongo, hori argi dute. Iaz, adibidez, hamar hozkailu erosi eta Saharara bidali zituzten. «Basamortuan hozkailuak oso beharrezkoak dira. Hamar bat erosi eta banatu genituen. Herrietako ordezkariak —%99 emakumeak dira—, eta haiek erabakitzen dute zein behar dagoen. Zerrenda pasatzen digute, eta merkatura jotzen dugu; bertan gastatzea dugu gustuko».
Oraingoz mugak irekita daudenez, janari bilketa egingo dute gaur eta bihar, Alcampon. Ohi bezala, pasta, arroza eta kontserbak eskatu dituzte. Datozen bi asteetan Laboren ere jasoko dituzte jakiak, eta ikastetxeetan ere egin nahi dute bilketa… pandemiak uzten badu. «Oporrak Bakean zein janari bilketak badira modu bat Sahararen bandera kalera ateratzeko, eta haien aldarria presente egoteko».

