Oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak hasi dituzte Fanderian
Zirkulazioarentzako abiadura murriztuko dute, eta bertako instalakuntza eta eraikinetarako irisgarritasuna hobetu. Helburua, auzotarren segurtasuna hobetzea da, eta 15 egun iraungo dute lanek.
Fanderian, oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak egiten hasi dira, eta 15 egun iraungo dute. Ildo honetan, ibilgailuen zirkulazioa, zerbitzuak eta aparkalekuak berrantolatuko dituzte, eta aldi berean, zirkulazioaren abiadura murriztu egingo dute ere.
Aldaketa ugari jasango ditu auzoak, eta konexioetan izango du eragina, besteak beste. Eskoletako autobusen geltokia jarriko dute, topoaren geltokirako irisgarritasuna ere hobetuko dute, edota auzoko merkataritzarako eta zerbitzuetarako zamalanetarako gunea sortuko dute.
Aipatu bezala, ibilgailuentzako abiadura murriztu egingo dute, eta helburu berarekin, oinezkoen pasabideak altxako dituzte eta sigi-saga arinak egongo dira. Dena den, errepidean gauzatuko den aldaketa nabariena, zirkulazioaren noranzkoaren aldaketa izango da, Dario de Regoyos kalea noranzko bakarrekoa bilakatuz. Auzora sartu gabe buelta eman ahal izateko Touring etorbidean sortuko duten biribilgunea ere aldaketa esanguratsuenetarikoa izango da.