Dibertsitatearen aldeko urratsak margotu dituzte
Udalak, aste honetan, ortzadarraren koloreak zituen zebrabidea margotu du. Gaur eguerdian mobilizatu dira; udalari "aitzakiekin" ibiltzea egotzi diote.
Pasaiako LGTBIQ+ mugimenduak deituta, mobilizazioa egin dute gaur eguerdian San Pedron. Izan ere, Pasaiako Udalak aste honetan ortzadarraren koloreak dituen zebrabidea margotu du, zuriz. Koloretako urratsak margotu dituzte gaurko ekitaldian.
Bertan salatu dutenez, udal gobernuak “abisurik gabe eta arrazoirik gabe” kolektiboa “zokoratu” du zebrabide koloretsua zuriz margotuz, eta horrek izen bat duela esan dute: “homofobia, zalantzarik gabe”.
Aitzakiekin ibiltzea egotzi diote udalari: “Legearen babespean ezkutatu da udal gobernua, lehenik; gaizki ulertu baten atzean, ondoren“. Beste herrietan legala dena Pasaian “ilegala” dela salatu dute.
“Aitzakiak besterik ez dira gobernuak eskaintzen dizkigunak”, esan dute, “eta hori bezalako aurpegi zuriketen aurrean salaketa irmoa egiten dugu kolektibotik, argi utziz pasaiako udal gobernuak gaurkoan aukeratu duela zein den bere aldea, eta ez da gurekin”.
Horrela, udalari egotzi diote “homofobia estrukturalaren konplize” izatea. “Azken boladan ikusi eta jasan behar izan ditugun erasoei beste bat gehitu diote”.
Zuriz margotzeko erabakia “arbitrarioa eta autoritarioa” izan dela adierazi dute, LGTBIQ+ kolektiboaren parte hartzerik gabe. “Berresten dugu ez duela zentzurik udalaren eta udaltzaingoaren baimenarekin egindako ekintza bat gaur instituzio berak arbuiatzea”.
LGTBIQ+ kolektiboak Pasaian tokia baduela aldarrikatu dute, eta horretan jarraituko dutela, “eraso homofoboen gainetik”.
Izan ere, haien esanetan, ezinbestekoa da “borrokarako” kalea bereganatzea eta “espazio seguruak” aldarrikatzea. “Herri libre batean sinesten dugulako gaude borrokarako prest, eta hala egingo dugu gutariko denak gure herrian modu aske batean bizi arte”.
Bi identifikatu
Ekitaldia bukatzean, bi ertzain hurbildu dira elkarretaratzean parte hartu duten bi pertsonarengana. Salatu dutenez, “ausazkoa” eta “inongo fundamenturik gabekoa” izan da identifikazioa; isuna jarriko zietela ohartarazi diete.
Zalaparta sortu da, eta Ertzaintzaren beste patruila bat agertu da, argiak piztuta. Azkenean, bi parte-hartzaileak libre utzi dituzte.