Haurtzaro Ikastolak aste honetan emango du bere eskaintzaren berri
Asteazken arratsaldean egingo dute aurkezpen bilera, eta osteguna eta ostirala ate irekien eguna egiteko aprobetxatuko dute. Matrikulazio epea, abian.

Ibintza Iragorri, Izaskun Sistiaga, Itziar Muguruza, Aritz Gonzalez eta Iraia Etxebeste, Urmendi eta Haurtzarako matrikulazio kanpaina aurkezten.
Haurtzaro Ikastolak aste honetan emango du bere eskaintzaren berri. Datorren asteazkenean, hilak 19, aurkezpen bilera egingo dute, 17:00etan hasita. Urmendi haur eskolan izango da zita, eta txikienentzako proiektu hori ere aurkeztuko dute; 0-6 urteko proiektu osoaren berri emango dute.
Ate irekien jardunaldiak, berriz, ostegunean eta ostiralean egingo dituzte. 17:00etan izango da, bi kasuetan. “Bertaratzen direnek Ikastolako lan egiteko modua eta ikastolako eraikinak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute”, azaldu du Aritz Gonzalez Haurtzaroko zuzendariak.
Aurkezpen bilerara edo ate irekietara joateko asmoa duenak aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, COVID19a dela eta.
Horretarako, 943 49 16 59 telefono zenbakira dei daiteke edo mezu bat bidali helbide elektroniko bidez. Banakako bilerak hobetsiz gero, txanda eskatzea besterik ez dutela jakinarazi dute.
Matrikulazio epea gaur hasi da, eta hilaren 28ra arte iraungo du.