Lehenengo sektorearentzako diru laguntzak emango ditu udalak
60.000 euro bideratuko dituzte nekazaritza ustiategiak laguntzera. 2021ean egindako gastuak laguntzeko epea otsailaren 7ra egongo da zabalik.
Lehenengo sektoreko proiektuak sustatu eta bultzatzeko diru laguntza sortu du Oiartzungo Udalak. Herriko ustiategiek eskatu ahal izango dute laguntza.
Udalak jakinarazi duenez, 2021ean egindako gastuak laguntzeko izango da diru laguntza hori.
Zein kontzeptu lagunduko dituzten zerrendatu dute: inbertsio eta ustiategien hobekuntzak; nekazaritza ekipoen erosketa; baratzegintza eta lorezaintza instalazio eta teknologia hobekuntzak; ekoizpen ekologikoa; aholkularitza gastuak; nekazaritza erabilerako uraren gastua…
Diru laguntza horiei bideratuko zaien partida 60.000 eurokoa izango da. Diru laguntza eskatzeko azkeneko eguna otsailaren 7a izango da.
Informazio osoa —nork eska dezakeen, zein dokumentazio behar den…— udalaren webguneko Iragarki Taulan aurki daiteke, Diru Laguntzak atalean. Esteka honetan klik eginda zuzenean irits daiteke.