Hainbat erakunde eta elkartetara diru laguntzak bideratzea onartu dute

Kirol, hezkuntza zein ekonomia arloetako hainbat laguntza aho batez onartu dituzte urteko lehenengo plenoan. REDESAren gaia ere aztertu dute.

plenoa oiartzun urtarrila 2022 Atzo arratsaldean egin zuten plenoa.

Atzo arratsean egin zuten urteko lehenengo plenoa, hamahiru puntukoa. Aurreko astean egin zuten ezohiko udalbatzar bat izan zuten hizpide, lehenik eta behin.

Oiartzungo Udalak lurzoruaren eta lur azpiaren erabilpen pribatiboaren gaineko tasaren kontrako auzi prozedura abiatu zuen REDESAk. Horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Epaitegian udalak jarrita zuen kasazio errekutsoan atzera egitea erabaki zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak abenduan emandako epaiaren ondoren.

Aho batez onartu zuten puntu hori, gainontzeko guztiak bezala.

Urmendi eta Haurtzaro

Hezkuntzarako diru partidak onartu zituzten. Urmendi Haur Eskolari 707.000 euro bideratuko dizkiote. Partida, hasiera batean, handiagoa zen, langileen soldata %4,5 igoko baitzen. Legez ezin du %2 gainditu, eta ehuneko horretan geratuko da.

Haurtzaro Ikastolaren mantenurako diru kopurua ere onartu zuten. 415.682 euro izango dira, ikastolak dituen 931 ikasleko 446,48 euro.

Kirol elkarteei laguntza

Herriko kirol taldeei 54.000 euro bideratuko dizkiete, beraien jarduera aurrera eramateko. Janire Mitxelena zinegotziak, EAJren taldearen izenean, diru laguntzak jasotzeko oinarrietan aldaketa eskatu zuen.

2023ari urteari begira, “banaketa justuago” bat eskatu zuen Mitxelenak.

Enekoitz Markos Kirol zinegotziak erantzun zionez, “klubekin landutako” diru laguntza oinarriak dira. “Sekula ez dugu kexarik jaso; niri justuak iruditzen zaizkit”, gaineratu zuen. Klubekin batera proposamen bateratua aurkeztera gonbidatu zuen Mitxelena.

Herriko museoak

Udalak Luberri eta Soinuenea museoekin duten hitzarmenaren harira, aurtengo diru laguntzen berri eman zuten. Interpretazio geologikoaren guneak 63.737 euro jasoko ditu, eta Herri Musikaren Txokoak, berriz, 93.300.

Bestalde, Oarsoaldea Garapen Agentziari iazko azken lauhilekoaren kopuruaren %80ko ekarpena egitea adostu zuten. 60.128,55 euro izango dira, hiri berriztapen, turismo eta kontsumo, industria eta gizarteratze arloetarako.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.