[Elkarrizketa] «Ia 30 urte geroago, oraindik ere ikasten jarraitzen dut»
Euskal Herriko eta nazioarteko ehunka eta ehunka musika talde jaso ditu bere kamera analogikoarekin azken hiru hamarkadetan. Zale edo ikusle gisa, «berdin gozatzen» jarraitzen du errenteriarrak.

Azkenaldian erretratuekin zabiltza, Zu barik eztau erakusketarekin biraka. Kameraren bestaldean daudenak aitortu nahi izan dituzu?
Talde lanak duen garrantziari keinu bat egin nahi izan diot, kameraren bestaldean daudenak gabe ez baita ezer argazkilaritza. Jendearen erretratuak biltzen ibili naiz azken zortzi urteetan. Lehenengo planoak dira gehienak, irudi oso pertsonalak dira. Orain Legazpin jarri dut erakusketa, hamar erretratu sartu ditut bilduma horretan. Protagonista gehienak nik aukeratu ditut, eta asmoa izan da guztien aberastasuna islatzea, denek zerbait konta dezatela. Oso pozik nago jasotako harrerarekin.
Azkenaldian erretratuetan buru-belarri ibili arren, musikaren munduan ibili zara urte luzez. Hor hasi zen zure ibilbidea, ezta?
Musikaren mundutik nator, orain dela ia 30 urte hasi nintzen nire lehen argazkiak ateratzen kontzertuetan. Gaztetxeetan hasi nintzen, bereziki Andoaingo gaztetxe zaharrean eta Alegikoan, 1992-1993 inguru horretan. Kontzertuetara joateko ohitura handia izan dut beti, 15 urterekin hasi nintzen. Bizitako esperientzia horiek dokumentatzea erabaki nuen. Nire bi pasioak uztartzea erabaki nuen orduan.
Nola gogoratzen dituzu garai horiek?
Eszena indartsua zegoen. 1990eko hamarkadaren hasieran talde berri pila bat atera ziren Euskal Herrian, oso onak. Beti hitz egiten da 1980ko hamarkadaz, baina niretzako hurrengo hamarkada oso indartsua izan zen, ederragoa izan zen, oso gertutik bizitu nuelako. Talde eta lagun asko ezagutu ditut musikari esker. Taldeak, antolatzaileak, argazkilariak… Beti diot lagun potenteenak, nire kuadrillaz gain noski [barrez], musikaren munduan ezagutu ditudala.
Egun, guztiekin harreman handia dut zorionez, eta oraindik ere jarraitzen dut kontzertuetara joaten. Etengabe jende berria ezagutzen ari naiz. Dena den, pandemiarekin etenalditxo bat egin behar izan nuen, kulturarako lan asko egiten dudalako, eta lan gehienak kontzertuak ziren. Nire furgonetarekin gidari bezala ere ibiltzen naiz taldeekin, gidari eta argazkilari modura. Lana da azken finean, eta zorionez, oso gustuko dudan lana, asko gozatzen dut.
Musikaren zale bezala edo argazkilari bezala, berdin gozatzen duzu, beraz.
Halaxe da, bai. Beste modu batera ikusten dira gauzak oholtzaren azpitik, eta are gehiago argazkiak ateratzen bazaude. Bietan gozatzen dut, asko gainera. Noski ezberdina dela, baina biek asko ematen didate. Jende askok galdetu dit hori, hain zalea izanik ea benetan berdin gozatzen dudan. Noski baietz. Irungo Bloody Mary disko dendan lanean ibili nintzenean talde askorekin harremana egiteko aukera izan nuen, aukera mordoa sortu ziren, bai hemengo taldeekin eta baita kanpoekin ere. Beraz, nire talde kutunak gertutik ezagutzeko aukera izan nuen, izugarria da hori. Azken 29 urte hauetan ia astebururo joan naiz kontzerturen batera, ez banaiz kanpora edo mendira joaten, beti joaten naiz. Askotan bi eta hiru kontzertutara joan naiz astean.
Indartsuak dira kontzertuetan ateratako argazki horiek, asko kontatzen dute.
Hori izan da beti nire asmoa, argazki batekin kontzertu bat islatu daitekeelako, noski. Irudi bakar batean abeslariaren eta musikarien indarra jaso daiteke, musika jarri argazkiari. Eta oholtza kanpotik ere berdintsu. Hainbeste talde ezagutzeak aukera eman dit haiei oholtza kanpotik ere argazkiak egiteko. Gustatzen zait musikaria oholtzatik jaistea, oso eginak daude oholtzetara, botere puntu hori dute goian. Handik jaisterakoan aurrez aurre gaude. Erretratu bat hori da, kolaborazio bat, argazkilariaren eta modeloaren artekoa.
Orduan hasi eta ez diozu erretratatzeari utzi. Zergatik?
Niretzako argazkilari onenak erretratista oso onak dira. Argia zuk kontrolatzen duzu. Kontzertu bat egiterakoan dagoen argia dago aretoan edo gaztetxean, horretara moldatu behar zara. Baina estudioko erretratuetan zuk jartzen duzu argia, erabat kontrolatzen duzu zure gustura. Eta horrez gain, asko erakartzen nau erretratatzen duzun pertsonarekin sortzen den harreman horiek. Harekin harremanetan jarri eta pote bat hartzen dugu, ongi esplikatzen diot zer nahi dudan, zer bilatu nahi dudan argazkiarekin. Gero, erretratua egiteko, agian arratsalde oso bat pasatzen dugu.
Irudi bakar bat izan arren, lan handia dago atzean.
Hori da. Arratsalde oso bat behar dut agian erretratu baterako, baina arratsalde hori oso berezia da. Musika entzuten dugu, argazkia ateratzerako garaian ere bai. Batzuetan aspalditik dudan ideia bat burutzen dugu, eta besteetan aukera ematen diet haiei zerbait proposa dezaten, beharbada ideiaren bat dutelako, zerbait konkretua nahi dutelako. Prozesuan zehar denetik sor daiteke, polita da hori ere bai. Horregatik gustatzen zait bereziki erretratuen mundua.
Lan horietarako laborategi ederra duzu. Nola iritsi zinen hara?
Aitonaren ukuilua zen laborategi hau. Hau eraiki aurretik banekien ordu pila pasatuko nituela hemen, eta hala izan da. Nire zulo bilakatu da hau, onerako eta txarrerako [barrez], baina bereziki onerako. Askotan, kalera atera buelta bat ematera eta hemen bukatzen dut, beti dut egiteko zerbait.
Beraz, zure bigarren etxe da jada.
Askotan etxean baino ordu gehiago pasatzen ditut hemen, lo ere egiten dut hemen, horretarako egokitu nuen. Ederra da hemen lan egitea, ordu asko pasatu ditut aitonarekin hemen, eta zorionez, egun berdin izaten jarraitzen du.
Argazki bat egiterakoan, zer eduki behar da kontuan?
Argia da lehenik kontuan hartu beharrekoa, hori da garrantzitsuena. Askotan joaten naiz argazki bat egitera, paisaia bat adibidez, eta ez dut egiten argia ez zaidalako gustatzen, beste egun baterako uzten dut. Beste batzuetan kaletik noa eta sekulako argia ikusten dut, eta argazki bat ateratzen dut. Argia da jaun eta jabe. Urteekin ikasten den gauza bat da. Kamera bat erreminta bat da, ez duzu sekulako kamera bat eduki behar argazki txukun eta polit bat ateratzeko. Kamera normal batekin irudi ederrak atera daitezke. Zuk aukeratzen duzu zer nahi duzun atera, zure begiek ikusten dute argazki txukun bat atera daitekeela. Begia egiteko argazki asko egin behar dira. 30 urte geroago, oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Mundu honetan ez diozu sekula ikasteari uzten.
Laborategiari begirada bat emanez, zure pasioa analogikoa dela argi dago.
Bai, hala da. Digitalean ere aritzen naiz, baina bereziki analogikoa dut gustuko. Bi bide ezberdin dira, baina niretzako aberasgarriagoa da laborategian sartu eta ordu pila bat sartzea argazkiak positibatzen. Materiala garestia da, baina niretzako oso kreatiboa da. Kopia bakarrak dira, oso zaila baita produktu kimikoekin bi berdintsu lortzea. Laborategian aritzea artistikoagoa da niretzako. Argazkia ateratzeko uneaz gozatzen dut, baina baita geroko prozesuaz ere. Gaur norbaiti argazki bat ateraz gero, agian kopia hori hemendik hilabete batera aterako nuke, asko luzatzen da prozesua. Prozesu hori da aberasgarria niretzako, saltsa horrek erakartzen nau. Artisau lana dela diote askok.
Eta zure mundua, zuri-beltza da.
Bai, zuri-beltzaren jarraitzaile amorratua naiz, aitortu behar dut. Erretratuak beti horrela egiten ditut. Kolorea ere gustuko dut, eta paisaiak edo bestelakoak egiteko erabiltzen dut. Indiara egindako bidaia batean, adibidez, koloreak asko erabili nituen, argazkiek eskatzen zutelako, koloreek zerbait berezia ematen ziotelako. Baina zuri-beltzak niretzako sekulako indarra du. Askotan koloreek despista zaitzakete, fokua koloreetan jarriz. Eta espresio bat zuri-beltzean, esaterako, oso indartsua da, zuzenean protagonistaren espresio horretara zoazelako. Nortasuna ematen dio argazkiari.
Hurrengo erronkarik?
Erretratuekin jarraitzea da asmoa, baina beste prozesu zahar bat erabilita. Ikatz transportatua izeneko teknika bat erabiltzen ikasten ari naiz, XIX. mende bukaerakoa da. Paperean, zeramikan… Nahi duzun basean egin daiteke, eta emaitza polita da, ikusgarria. Zailagoa eta garestiagoa izan arren, honek erakartzen nau bereziki orain