Lurra landu, burua lantzeko
Hirugarren urtez jarraian, lan merkatuan sartzeko lau lagun ari dira Arraztaloren baratzeetan lanean. Horretaz gain, Oiartzungo gaixo psikikoen elkarteak proiektu asko ditu esku artean.
Baratzeko lana gogorra den arren, gaixotasun psikikoak dituzten pertsonei mesede egiten die. Hala uste dute —eta frogatu dute— Arraztalon, Oiartzungo gaixo psikikoen elkartean. Normalean sei langile edukitzen dituzte lantaldean: buruko gaixotasunak dituzten lau langile, eta beste bi koordinatzaile. Azken horietatik batek urteko plangintza osoa egiten du, eta besteak eguneroko lana zuzentzen du.
Ohiko kopuru horri, baina, beste aldi baterako lau langile batu zaizkie. Ekainera arteko kontratuak izango dituzte. Egitasmo bati esker, hirugarrenez dituzte langile estra horiek. Pedro del Olmo Arraztalo elkarteko presidenteak azaldu du: «Oarsoaldea eremu zaurgarria denez, Lanbidek urtero ateratzen du programa hau, eskualdeko udalekin elkarlanean. Hau da hirugarren urtea. Beraungo Osasun Mentaleko Zentroarekin eta Oiartzungo Udaleko Gizarte-Ongizate Saileko teknikariarekin batera bilatzen ditugu langileak, baita Oarsoaldea Garapen Agentziarekin ere».
Ondoren, lan eskaintza ateratzen dute, eta hainbat baldintza bete behar dituzte hautagaiek: %33 baino gehiagoko ezgaitasuna izan behar dute, buruko gaixotasunekin lotutakoak.
Del Olmok onartu du hasiera «oso neketsua» egiten zaiela, «leher eginda» iristen baitira etxera. Goizeko zortzietan hasten dira lanean, eta 13:00etan bukatzen dute. Soldata Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %62,5 kobratzen dutela argitu du, 25 orduko lanaldiari dagokiona.
Langileek beraien nomina dute, Gizarte Segurantza, PFEZ eta abar, gainontzeko langileek bezala. Izan ere, gauza bat argi utzi nahi izan du Del Olmok: «Gu ez gara babeserako zentro bat, gu enpresa bat gara. Arraztaloren helburua beti izan da langile hauei lan aukera normalizatu bat ematea. Guk gure sei langileen soldatak ordaintzen ditugu, eta Lanbidek behin-behinean dauden beste lauen soldata ordaintzen du».
Arraztalo orain dela hamabi urte eratu zen elkarte bezala, nahiz eta ordurako hilabete batzuk bazeramaten elkartzen. Oiartzungo gaixo psikikoen senideek «aurrerapauso» bat ematea erabaki zuten.
Memoria freskatu du Del Olmok: «Lehenago bazegoen Ahalbide izeneko programa bat, bi urte iraun zituen. Denetariko jendea zegoen hor, baina hori bukatu zen. Izan ere, INEMek eta udalak ordaintzen zuten programa hori, baina Lanbidek enplegu politika aktiboak bere gain hartu zituenean [2010ean], hori bukatu zen. Bi urtez aritu ziren herriko mantenu lanak egiten: bankuak zaharberritzen, iturriak berreskuratzen… Udalak esan zuenez, beraiek bakarrik ezin izan zioten programa horri aurre egin». Horrela sortu zuten Arraztalo, baina gaixo psikikoek beraien egunerokoan zein jarduera egingo zuten zehaztea falta zitzaien.
Senideetako batek baratze bat zuen, eta gaixo psikikoei nekazaritzan aritzeko eskaintza aurrera eramatea erabaki zuten. Izan ere, onurak ekar zitzakeen jarduera horrek: «Baratzegintza aukeratu genuen aire librean delako, eta ez delako jarduera errepikakorra; egunero gauza ezberdinak egiten dituzte. Gainera, prozesu osoa jarraitzen dute: landatu, garbitu, jaso eta banatu. Pizgarri bat ematen die horrek».
«Gu ez gara babes zentro bat, enpresa bat gara. Arraztaloren helburua
lan normalizatua ematea izan da»
Lehen baratze haren lursailean etxebizitzak egin zituzten, eta alternatiben bila hasi ziren. Lehendabizi Altzibarren baratze bat lortu zuten. Ondoren, beste bat, Ergoienen. Hirugarren bat, Petra Lekuona zaharren egoitzaren ondoan, eta laugarrena orain dela bost urte eskuratu zuten, Makutso baserriko lurrak Oiartzungo Udalak alokatu zituenean.
Horrez gain, bi sagarrondo sail dituzte, bat Arkalen eta bestea Lintzirin inguruan. Langileez gain, ikastetxeetako haurrak joaten dira bertara, sagarrak jasotzera zein zuhaitzak landatzera, garaiaren arabera.
Botiken beherakada, lanari esker
Del Olmok aitortu duenez, buruko gaixotasunak dituzten pertsonek motelago egiten dute lan, batzuetan «beraien gauzetan pentsatzen» geratzen baitira. «Normalean lan polita egiten dute, eta pozik gaude horrekin. Goiz osoa aritzen dira lanean, eta arratsaldea daukate beraien familiarekin egoteko».
Orain dela lau urte Arraztalo elkarteak Oarsoaldeko buruko gaixotasunei buruzko diagnosia osatu zuen, Errenteria-Oreretako Aldura elkartearekin batera. COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, buruko gaixotasunak dituzten pertsonen kopuruaren datuak pixka bat hazi direla azaldu du Del Olmok. «Dauzkagun azkeneko datuak 2020koak dira. Ez dut esango igoera ikaragarria izan denik, baina bai dagoela igoera bat. Orain gaixotasun mentalak aipatzea boladan dago, konfinamenduarengatik eta, nahiz eta beti hor egon diren. Guk nabaritzen duguna da lanarekin botiken kontsumoa pila bat jaisten dela. Bost ordu lan berbera egiten dutenez, batak bestearen laguntza behar du nahi eta ez. Euren artean oso ongi moldatzen dira, eta horrek gu pozten gaitu».
Botikak gehiegi errezetatzea kritikatu du Del Olmok. Arraztalok eskatzen duena da gaixo psikikoek psikoterapia egitea. Buruko osasun zentroetan dagoen pertsonal falta azaleratu du, eta, ondorioz, gaixoek hiru hilean behin izaten dutela kontsulta. «Eta hori psikiatra bajan ez badago», zehaztu du. «Arriskutsua izan daiteke ez baduzu terapia egiten, edo etxez etxeko zerbitzurik ematen. Batzuk oso egoera prekarioan daude, eta moldatzen dira ahal duten bezala».
Pertsonal faltaz gain, koordinazioa eskatu du Arraztalok. Izan ere, euren esanetan, ez dago anbulatorio eta buruko osasun zentroen arteko koordinaziorik. Horretarako arrazoi bat Datuak Babesteko Legeak sortzen duen «hesia» da. «Informazioa ez da alde batetik bestera joaten. Arazo bat dago hor: psikiatrarekin sendagai bat jasotzen dute, baina gero anbulatorioan beste bat ematen diete».
Osasun zentroak ez dira deskoordinazioa ematen diren toki bakarrak. Lanbideren kasua aipatu du: «Gaixo psikikoek eskutitz bat jaso dezakete etxean, ikastaro bati buruzkoa, baina beraien egoera pertsonala zein den ez dute kontuan hartzen».
Fronte asko zabalik
Salatu duten deskoordinazio horri aurre egiteko txosten bat osatzen ari dira, eskualdeko udalei aurkezteko. Mahai bat ere osatu nahi dute erakundeekin. Hala ere, proiektu gehiago dituzte esku artean. Horietako bat Enplegu Zentro Berezia. «Gaixotasun psikikoak dituzten pertsonekin koordinazio lana egin behar da, haien familiekin harremana izan, eta abar. Ea lortzen dugun bide bat enplegu normalizatua eskaintzeko modukoa».
Gogorarazi duenez, 50 langiletik gora dituzten enpresek, legez, eduki behar dute gaixotasun psikikoren bat duten langileren bat. Gutxik betetzen dute, eta betetzen dutenen artean daude Errenteriako zein Oiartzungo udalak. «Down sindromea duten langile bana dituzte. Lanerako, langile finak dira. Beste batzuk ez dira hain errazak: buruan sartzen zaie ez dutela lanik egin nahi, eta gatazka betean egon behar zara beraiekin, bueltak eta bueltak ematen, gainontzekoekin batera lan egin dezaten. Batek ez badu lan egiten, ondokoak lan karga bikoitza izango du».
Gainera, kontsumo taldean eta Haurtzaro Ikastolan zein Labore Oarson beraien produktuak saltzeaz gain, eremu berriak ari dira esploratzen. Hitzarmen bana sinatu dute Errenteria-Oreretako merkatuarekin zein herri horretako Eroskirekin. Arraztaloren saskiak aurkitu ahal izango dira bertan. «Errazena hitzarmenak sinatzea da. Zailagoa da saltzea…».
«Nabaritzen duguna da lanarekin botiken kontsumoa asko jaisten dela»
Horrez gain, ekoizpenaren prozesu osoa kontrolatzeko asmo irmoa daukate. Horregatik, bertatik ateratzen dena eraldatu nahiko lukete, marmeladak edota konpota bezalako produktuak egiteko.
Hasierako urratsaren jabe ere izan nahi dute: hazi eta landareak Oarsoaldean sortzeko urratsarena, hain zuzen ere. «Hazitegi bat behar dugu. Guk Azkoienen erosten ditugu haziak. Ekologikoak direnez, garestiagoak dira, eta dirutza bat da guretzat. Proiektua da ea Oiartzunen edo Errenterian egiten den hazitegi bat. Alde batetik, haziekin eta landareekin lan egiteko, eta bestalde, enplegu batzuk sortzeko».
Del Olmo konbentzituta dago hazitegi hori sortzea lortuko dutela. «Gurearekin jarraituko dugu. Lortuko dugu».
50eko langaren bila
Arraztaloren produktuak jasotzen dituzten 28 familia edota norbanako daude gaur egun. Kontsumo taldeko kideak 50era iristeko asmoarekin, kanpaina abiarazi dute. Astero sasoian sasoiko produktuekin osatutako saski bat banatzen dute, hileko 50 euroren truke. Izena emateko 634 25 46 70 telefono zenbakira dei daiteke, edo e-posta bidez idatzi.
Langileen oporraldiak kenduta, astelehenero elkartzen dira, Killirikupen, 18:00etan. Langileak eurak dira banatzeko ardura dutenak, eta beraiek eramaten dute kontrola.
aArraztalo kontsumo taldearen inguruan merkatu txiki antzeko bat sortu da, eta ekoizle ekologikoek beraien produktuak saltzen dituzte: ezti eta propoleogileak; artisau ogia egiten dutenak; arrautza ekologikoak; pasta…