Haurren Irakurle Taldea martxan jarriko du bibliotekak
Hasiera batean, LH 5 eta 6 mailetako ikasleak izango dira hilero liburu bat irakurriko dutenak. Hilaren 24a baino lehen eman behar da izena.
Manuel Lekuona bibliotekak iniziatiba berria jarri du martxan: Haurren Irakurle Taldea. Irakurtzea maite duten haurrentzako espazio bat sortuko dute, beraien zaletasuna lagunekin parteka dezaten.
Hilean behin elkartuko da haurren irakurle taldea, bibliotekako ganbaran. Jakinarazi dutenez, oraingoz LH 5 eta 6 mailetako ikasleei zuzenduta dago taldea. Asmoa da beste mailetako ikasleei zabaltzea. Xabier Salaberria Gonzalez izango da saioak gidatuko dituena.
Lehenengo saioa martxoaren 7an izango da, 18:30etik 19:30era. Saio horretan, zehaztu dutenez, haur bakoitzak kutuna duen liburu bat aurkeztuko die lagunei.
Ondoren, hurrengo hilerako irakurgai zerrenda osatuko dute. Izan ere, helburua ekaina arte hileko lehenengo astelehenean elkartzea da.
Lehenagotik eman beharko da izena, hilaren 24a baino lehen. Haurren Irakurle Taldean parte hartu nahi dutenek bibliotekatik bertatik pasatu beharko dute.