Tiratzaile lezoarren emaitza bikaina Eskolarteko Ligan
Gipuzkoako Eskolarteko Ligako bigarren jardunaldian bost domina irabazi dituzte Lezoko kirolariek, tartean urrezko bat.
Eskrima kirolari edo tiratzaile lezoar gazteek duten mailaren adibidea eman zuten asteburuan. Eskrimako Eskolarteko Ligaren bigarren jardunaldian parte hartu zuten, Gipuzkoako beste 30 eskolako kideekin batera. Ohorezko postu asko lortu zituzten herrikoek, tartean, bost domina.
Horrela, Haur Mailan, Markel Amatek garaipena lortu zuen, Eneko Castillo hirugarren izan zen, Aner Galvez zortzigarren, Paul Muñoz bederatzigarren, eta Nico Infante hamalaugarren.
Kimu Mailan, berriz, brontzea Ibai Makibarrentzat izan zen, eta bederatzigarren sailkatu zen Jon Ruiz.
Benjaminetan, azkenik, zilarrezko domina irabazi zuen Ekhi Aiestaranek, eta haren atzetik geratu zen Aratz Aiestaran.
Lezoko Eskrima Eskolako arduradunak pozarren daude lortutako emaitza horiengatik, “badirudi lezoar gazteek trebezia dutela kirol honetan. Mugimenduan dagoen xake antzekoa da, non funtsezkoa den adimena eta ariketa fisikoa uztartzea”.
Eskrima Eskolako partaide izatera animatu dituzte gazte lezoarrak. Astean behin biltzen dira Bekoerrota kiroldegian. Informazioa edo bestelakoak eskuratzeko bidali mezua honako helbide elektronikora.
