Datorren asteazkenean, Euskararen Planaren baitako bateratze saioa
Iritzi ezberdinak adosteko saioa izango da. Pasai Donibaneko Kulturgunean elkartuko dira, arratsaldeko 18:30etan.
Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpena, Pasaian. Argazkia: Pasaiako Udala. Datorren apirilaren 6an, asteazkenean, Pasaiako Udalak bertaratze saioa antolatu du. Bileraren xedea udalaren Euskararen Plan Estrategikoaren eratze prozesuan parte hartu duten eragile guztiak elkartzea izango da. Horrela, orain arteko galdetegietan jasotako iritzi ezberdinak bateratu eta adostuko dituzte herritar eta eragileek udalarekin. Gainera, parte-hartze prozesua barrutika egin bada ere orain artean, apirilaren 6an denak batera arituko dira.
Hitzordua arratsaldeko 18:30etan finkatu dute, Pasai Donibaneko Kulturgunean. Gainera, Kike Amonarriz soziolinguista ere izango da bertan, aktibazio sozialaz hitz egiteko. Prozesuan parte hartu edo saiora bertaratu nahi dutenek helbide honetara mezua bidali beharko dute, udalaren arabera.
