Añarbeko Erreserba Naturaleko flora babestu nahi du Udalak
Aranzadi zientzia elkartea kontratatu du Errenteriako Udalak eremu honetako landarediari buruzko ikerketa egiteko.
Errenteriako Udalak Añarbe eremuko ondare naturala babestu, eta haren gainean dauden mehatxuak ezagutu nahi ditu. Horretarako, Aranzadi zientzia elkartea kontratatu du horren inguruan ikerketa zientifikoak burutzeko. Lanak martxoan hasi zituzten, eta baliagarriak izango dira etorkizunean hartu beharreko erabakietan.
Añarbe udal jabetzako eremu naturala da. Bertan, belarjaleen presentziak eta basoetan sakabanatuta dauden 500 abelgorri-buru presio handia egiten dute baso-habitatei eta landarediari. Udalak horren eragina zenbatekoa den jakin nahi du, behar izanez gero neurriak hartzeko.
Bestetik, parkean egiten ari diren erabilerak eta jarduerak arautu dituzte dagoeneko: ehiza, motordun-ibilgailuak, aisialdi-eremuen erabilera, BTT, artzaintza estentsiboa, eskalada, kirol-probak, mendi-ibilaldiak, etab. Horiek biodibertsitatean duten eragina murriztea da udalaren helburua, baldintza normatiboak eta mugak aplikatuz.
Azkenik, 2022tik aurrera, Añarben baimendu beharreko abelburuen eta abeltzainen kopuruan luzamendu bat ezarri da, presentzia horrek izan ditzakeen eraginak ebaluatu ahal izateko.