[Bideoak eta galeria] Korrikazale gaztetxoen erauntsia Errenteria-Oreretan
Errenteria-Oreretako ikastetxeetako haurrek garbi dute. 'Hemen gaude, euskararen alde' esan dute. Korrikak batu ditu, euskarak finean.
Errenteria-Oreretako Lehen Hezkuntzako (LH) eta Haur Hezkuntzako (HH) haurrek Korrika Txikia handi egin dute gaur arratsaldean. Korrikazale gaztetxoen erauntsia izan da bazkalondokoa. Ehunka izan dira era batera edo bestera egindako petoekin kalera atera direnak, bakoitzak bere erara euskararen alde daudela adierazteko. Bat egin dute herriko ikastetxeek, batu egin ditu Korrikak, beraz, euskarak.
HHko haurrek herritik biratxoa egin, eta Herriko Plazan bukatu dute ibilia, lasai. Han, dantzarako tartea hartu dute. LHkoak, bizkorragoak izaki, osteratxo luzexeagoa egin dute udalerritik barrena, eta baten bat muxu gorri eta guzti, baina Agirre Lehendakariaren plazara denak algara batean iritsi dira. Euskal Herriko leloen artetik ezagunenetakoak direnak ahots biziz oihukatu dituzte: ‘Ika, ika ika. Hemen dator Korrika’, edo ‘Hemen gaude, euskararen alde’, horietako bi.
LHkoak Linoko plazara iristean es pentsa eztarriek geldiunerik izan dutenik. Bertan zen DJ Burguete ikuslego entregatu bati dezibelioak altxarazteko prest. Eta lortu du. A zer giroa sortu duten herriko gaztetxoek! Gainera, ikastetxe guztietako ordezkariek euren mezua lekuko handi batean sartu dute, ondoren Furra, furra doinupean bertso bateratua abesteko. Orduan hasi da beste festa, eskeletoak mugitzearena DJ ezagunaren aginduenpean.
Jarraian, arratsaldeko giroaren bi bideo, eta argazki galeria.