Maiatzaren 1ean Oiartzunen mobilizatzera deitu du Kontseilu Sozialistak
Igandekoa "langileria iraultzailearen memoria gurera ekartzeko, egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu sozialistak ezagutzera emateko" probestuko dutela esan dute. 18:00etan bilduko dira, Done Eztebe plazan.
Maiatzaren Lehenerako Oarsoaldeko herritarrak ere mobilizatzera deitu ditu Kontseilu Sozialistak. Igandean Oiartzunen bilduko dira (18:00tan), Done Eztebe plazan, Krisi kapitalista garaian, sozialismoa eraikitzen lemapean. Igandekoa “langileria iraultzailearen memoria gurera ekartzeko, egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu sozialistak ezagutzera emateko” probestuko dutela esan dute.
Izan ere, nabarmendu dute soilik “borroka grinez eta esperientzia iraultzaileen metaketaren bitartez” lortu dituela langile klaseak askatasun kuotarik handienak, eta mobilizatzeko premiaz aritu dira. Egungo egoera “krisi kapitalistaren baitan” dagoela erantsi dute, eta langile klasea dela “ordaintzen ari dena, nahiz eta gizartearen egungo garapen mailak denen ongizatea bermatu beharko lukeen”.
Langile klaseak “bere defentsa eta askapenerako mekanismo eta baliabideak” garatu behar dituela ere aldarrikatu dute eta zentzu horretan igandekoa “sozialismoaren eraikuntzari” egindako ekarpena dela adierazi du Kontseilu Sozialistak, eta herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera, finean, “bidegabekeria horren guztiaren aurka zuen aletxoa jartzera”.