Agerre eremuko basoa eta lehen sektoreko lurrak eskuratuko ditu udalak
Atzoko apirileko ohiko udalbatzarrean udalaren eta Azpeitia Isasa SLren arteko lur-trukaketa adostu zuten. Alkateak "oso positiboki" baloratu du trukea.
Apirileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo udaletxean. Puntu guztietan akordioetara iritsi ziren EH Bildu eta EAJ taldeak, adostasuna izan zen nagusi atzoko bilkuran.
Lehenik eta behin, Lanbarren poligonoan 2021eko otsailean euriteek eragindako lur erorketa konpontzeko lanak egiteko eta finantzatzeko hitzarmena onartu zuten, aho batez. Udalak eta Lanbarren Parke Logistikoa SAk lanaren erdia finantzatuko dute, hau da, bakoitzak %25a. Aldundiak jarriko du gainerakoa.
Bigarrenik, udalaren eta Haurtzaro Ikastolaren arteko hitzarmenean aldaketa onartu zen, hau ere aho batez. Mantenu gastua igo dute, udalarekin negoziatutako garbitzaileen soldata igoera dela eta. Udalak 43.971,13 euroko ekarpena egingo dio ikastolari.
Xanistebanetan ekintzak antolatzeko diru laguntzen oinarriak ere onartu zituzten bi taldeek, orotara, 50.000 euro banatuko dira antolatzaileen artean. Eskaerak maiatzaren 1etik 31ra bitarte egin beharko dira.
Udalaren eta Azpeitia Isasa SLren artean lur-trukea egiteko hitzarmena ere adostu zuten atzoko bilkuran. Honen arabera, Altzibargo Agerre baserriaren inguruan 150.000 metro koadrotik gorako eremua eskuratuko du udalak. Zehazki, Agerreko basoa eta lehen sektoreko hainbat lur eskuratuko ditu. Jexux Leonet alkatea pozik agertu da trukearekin, “balio ekologiko handiko Agerreko basoa bereganatuko baitu udalak, eta lehen sektoreko proiektuak sustatzeko aukera emango duten lurrak ere bai”. Trukatuko den udal lurrean etxebizitzak eraikitzeko aukera izango du enpresak. Hori bai, nahitaez babes ofizialekoak beharko dute izan.
