Elizaldeko LHko 6. mailako ikasleak "zuzen-zuzenean" ezagutzen ari dira Historiaurrea
Paleolitoa, Neolitoa eta Metalen Aretoa izango dituzte ikus eta ikasgai, 25 orduko monografikoa eskaintzen ari baita Raoul Servert geomorfologo aditua.
Elizaldeko LH 6. mailako ikasleei Historiaurrea “zuzen-zuzenean” ezagutzeko aukera eskaintzen ari dira ikasturte honetan. Paleolitoa, Neolitoa eta Metalen Aretoa dituzte ikus eta ikasgai, hainbat saiotan, 25 orduko monografikoa eskainiko baitu Raoul Servert geomorfologo adituak.
Elizaldeko bi ikasleren aita da Servert, eta hainbat unibertsitatetan lan egindakoa da.
Ikasleek Historiaurrea ongi aztertzeko tresneria ezagutzen ari dira, eta nola erabili ere irakatsi die geomorfologoak.
“Batez ere, arkeologia, paleontologia eta paleoantropologia izan dira gehien sakondu dituztenak. Hau dena, eskalan egindako erreprodukzioak erabiliz lortu dute, pieza hauek Epoxi erretxinaz eginak dira”, diote eskolako iturriek. Harriekin egindako armak, erremintak, musika tresnak, pinturak, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lanabesak edota errotak “gertutik ikusi, ukitu eta aztertzeko aukera pare gabea” eskainiko diete ikasleei. “Museoa gelan edukitzea bezala izan da”, erantsi dute.
