'Soinu-tresnak euskal herri musikan' izeneko entziklopedia aurkeztuko du Juan Mari Beltranek
Maiatzaren 14an izango da liburuz eta CDz osatutako entziklopedia honen aurkezpena, Donostian. Musika emanaldi bat ere eskainiko dute aurkezpen ekitaldian.
Juan Mari Beltranek proiektu berri bat du esku artean. Flauten inguruko proiektu bat aurkeztuko du datorren maiatzaren 14an herri musikaren dibulgatzaileak, Donostian hain zuzen. Liburuz eta CDz ostutako Soinu-tresnak euskal herri musikan izeneko entziklopedia egin du, Soinuenea Fundazioaren laguntzarekin.
“Gure herri ondarean erabili izan diren hots soinu-tresnen bilduma zabala osatzeko helburuarekin” osatu du entziklopedia, eta urtero ale bat argitaratuko du, datozen lau edo bost urteetan. Ale hauetan musika tresna talde ezberdinen inguruko informazioa eta xehetasunak jaso ditu Beltranek.
Aurkezpenean musika saio bat ere eskainiko dute, bildutako instrumentu horiek ezagutzeko aukera izango da, Txulubite malabite izeneko kontzertuarekin. Musika emanaldian, Beltranekin batera, Errege Belda (akordeoia), Ander Barrenetxea (ahotsa, atabala, danborra, panderoa eta perkusioak) eta Aitor Gabilondo (ahotsa, gitarra) igoko dira oholtzara. Victoria Eugenia Clubak jasoko du saioa.