Arramendiko bizilagunek bizi duten egoera salatu dute
Babes handiarekin eginiko elkarretaratzean, alokairu babestuak dituzten kontratuekin jarraitzea eskatu dute.
Errenteria-Oreretako BOEetako 40 maizterrek, Errenteriako Udaleko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU-ko zinegotzien, Batzar Nagusietako bi alderdien kideen, Donostiako Elkarrekin Podemos-IU-ko zinegotzien, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuen eta Gepe eta Caritas Altza-Larratxo Gizarte Antolakuntzetako kideen babesarekin elkarretaratzea egin dute gaur Donostian.
Arramendi pasealekuko bizilagunek irmo eskatu dute “alokairu babestuak dituzten kontratuekin jarraitzea”, eta Jaureguizar enpresari eskatu diote “errentatzaileari laguntza fiskalak eta diru laguntzak eskaintzen dizkion abenduaren 7ko 6319 aginduari atxikitzea eta, horren ezean, gaur hemen, Eusko Jaurlaritzari tanteo eta erretrakto eskubideen bidez, bere egoera prekarioa dela eta, etxebizitzak erosi ezin dituzten maizterrenak erostea”.
Arriola Sailburuari zuzenduko dioten idazkiak aurrez aipatutako eskaera jasotzen duela azaldu dute bizilagunek. Momentu honetan, 14 familiek jaso dituzte babestutako kontratuak bukatu zaizkiela jakinarazten duen burofaxa. Bertan, alokairuak bukatu ahala, etxebizitzak hustu eta giltzak entregatzeko data ere jakinarazten diete.
Horrez gain, maizterrek baietsi dute, Jaureguizarrek apirilaren 4an euren burofaxari emandako erantzunean, “errentak ordaintzen jarraitu eta giltzak ez entregatzeko borondatea adierazi genionean, ordainketa horiek onartuko ez dituela jakinarazi zigun”. Gainera, Jaureguizarretik gehitu zuten, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarraitzen dutela etxebizitzak erosteko, eta halakorik ezean, “maizterrei etxebizitzak eskainiko dizkiela, jakinda gehienek ezin dutela erosi, ezinezkoa zaielako hipoteka mailegu bat eskuratzea”, nabarmendu dute bizilagunek.
Arramendiko maizterrek, Errenteriako Udaleko zinegotzien EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU-ko batzarkideen babesarekin, Jaureguizarri berriz esango diote “ez dugula onartuko kontratuak bukatzeagatik etxegabetze demandak jartzea, Errenteria bankuek, inbertsio-funtsek edota enpresek eskatutako etxegabetzerik gabeko udalerri aitortu denean”.
Bizilagunak, egoera apalean
Bizilagunek berretsi dute familia apal horietako gehienek ezin dutela etxea erosi, adinagatik, diru sarrera nahikorik ez dutelako edota hipoteka mailegu bat lortzeko likidaziorik ez dutelako. Jarraitu dute esanez alokairu pribatua gehiegizkoa dela beraientzat, ezin dutelako ordaindu Errenteria-Oreretan 800 euro inguruan dagoen alokairu bat.
Arriola sailburuari zuzendutako idazkian, bizilagunek jakinarazi dute “familia horietako gehienek egoera apala” dutela eta horrek “ez diela hipoteka mailegu bat eskuratzen, ezta alokairuaren merkatuko prezioak ordaintzen uzten”. Gainera, salatu dute, bizilagun guztiak” alokairu sozialeko etxebizitza baten eskatzaileen Etxebideren zerrendetan inskribatuta” zeudela, eta, “zerrendetan berriro izena ematerakoan, antzinatasun osoa galdu” dutela, eta horrek “aukera gutxi” ematen dizkie alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko.