Kirol jarduerak euskaraz egiteko eta eskaintzeko eskatu dute udalek
Oarsoaldeko lau udalek eskualdeko kirol elkarteei dei egiten diete 12 urte arteko haurrentzako kirol jarduerak euskaraz eskain ditzaten.
Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, eskualdeko kirol elkarteei dei egiten diete 12 urte arteko haurrentzako kirol jarduerak euskaraz eskain ditzaten. Udaletatik zehaztu dute oso garrantzitsua dela adin tarte horretako neska-mutilek eskola orduetatik kanpoko jarduerak ere euskaraz egitea; eta gaineratu dute, kirola euskaraz egiteak, euren hizkuntzaren jabetze prozesuan eta hizkuntza ohiturak finkatzeko orduan, berebiziko eragina izango duela haurraren garapenerako eta euskarak espazioak irabazteko.
Ildo beretik, udalek gurasoei arreta berezia eskatzen diete euren seme-alabentzako euskarazko jarduerak eska ditzaten eta horien aldeko hautua egin dezaten.