Lezoko kirol guneetako langileak: "Grebarekin aurrera urrats serioa eman nahi izan dugu"
Lehen greba egunaren barruko mobilizazioak dituzte gaur Lezoko kirol guneetako langileek. Larunbatean ere grebara doaz.
Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuko langileek lehen greba eguna dute gaurkoa. Goizean herritik euren egoeraren berri emateko kalejira egin dute, eta 12:00etan udaletxe aurrean elkarretaratzea. 19:00etan manifestazioa egitekoak dira, Bekoerrotatik abiatuta. Bigarren greba eguna larunbatekoa dute: 12:00etan, Gurutze Santuaren plazatik hasita, manifestazioa egingo dute. Lezoko Udala eta BPXport enpresa (herriko kirol guneak kudeatzen ditu) dituzte euren egoeraren erantzule.
Lan baldintza duinak eskatzen dituzte langileek, bai euren lanaren ordainari dagozkionak, bai eta kirol instalazioen egoerari buruzkoak. Jada bizi duten egoeraz nazkatuta, urtarrilean erabaki zuten jendaurreko iniziatibei ekitea LAB sindikatuaren ekimenez. Egoera “jasanezina”, ordea, aspalditik datorrela berretsi dute gaur bertan langileek.
“Gure egoera blokeatuta dago”, adierazi du Beñat Lekue langileak. Zehaztu du udala aurrerapausoak ematen ari dela BPXport enpresarekin akordioak lortze aldera, baina mesfidantzaz hartu dituzte langileek batzuen eta besteen asmoak. “Ez dakigu ziur zertan dabiltzan. Une honetan ez dugu etorkizuna batere argi ikusten. Egoera konpontzeko bidean dela esan digu udalak. Baina hori ez dugu erabat sinisten”. Langileak nahiz instalazioak udalak “oso utzita” dituela salatu du Lekuek, “aldaketa bat behar dugu, bai soldaten aldetik (2012tik izoztuta dauzkate) nahiz instalazioen hobekuntzaren aldetik. Oso atzeratua dago dena”. Gaiari irtenbidea emateko gakoetako bat da udalak kirol guneen kontzesioa esleipenera ateratzea, “duela lau urtetik udalak eta BPXport enpresak ez dute kontraturik. Horrela, guk, ez dugu zer egiterik. Dena blokeatuta dago. Horrek dakar, besteak beste, langileen artean zeregin berdinagatik soldata ezberdinak izatea, eta soldatetan aldaketarik egiteko aukerarik ez izatea. Dena airean dago. Grebarekin aurrera urrats serioa eman nahi izan dugu, udalak ikus dezan egoera larria dela”.
Beste gakoetako bat Gipuzkoako hitzarmena da, 2012tik berritu ez dela. “Une honetan hitzarmenarena mugitzen hasi da, baina oso geldo doa. Patronala (kiroldegiak kudeatzen dituzten enpresak) oso eroso dago egoera honekin. BPXport-ek Gipuzkoako kirol guneen %80 kudeatzen du, baina ez dute negoziatzera eseri nahi. Sindikatuok ez dugu nor eseri aurrean negoziatzeko”, adierazi du LABeko zerbitzu pribatuetako sailaren Oarso Bidasoko buru Ainara Etxabidek. LABeko kideak azaldu du Lezoko Udalak borondate ona eta bide bat mahaiaren gainean jarri dituela, “baina orain Lezoko hitzarmena sinatzeko eta desblokeatzeko ardura duena enpresa da, eta une honetan ez gaude egoera horretan. Udala enpresak zer esan zain dago. Udalak guretzat egokia izan daitekeen bide bat planteatu dio enpresari, baina BPXport ez da udalaz fio, ez du bide hori hartu nahi”.