Jaureguizar: "Administrazioa da behin betiko soluzioa lortu behar duena"
Jaurlaritzaren proposamenari erantzun dio Arramendiko etxeen jabeak: "Eskainitako diru laguntzak oso urrun daude gastuak konpentsatzetik".
Joan den astean Arramendiko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzako diru laguntza lerro bati helduz erosteko aukera eskaini zion gobernuak bizitoki horien jabe den Jaureguizar enpresari, eta gaur publiko egin du erantzuna sustatzaileak: finantziazioa ez da nahikoa.
Hedabideei helarazitako ohar batean bi zehaztasun egin ditu jabeak: batetik, etxebizitza politika eta alokairu sozialei buruzko arazoak administrazio publikoaren erantzukizuna direla, eta ez, ordea, enpresa pribatuena; eta bestetik, Jaurlaritzak aipaturiko finantziazioa ez dela nahikoa etxe horien alokairu babestua mantentzeak suposatuko lukeen gastua konpentsatzeko.
Jaureguizarrek argi utzi du, nahiz eta azken urteotan bertoko bizilagunen arazoari erantzuteko “aktiboki kolaboratu” izan duen, ez dagokiola hari, enpresa pribatu gisa, aurrerantzean babes ofizialeko erregimenak bermatzea. “Zentzu horretan”, osatu dute, “administrazioa da, azkenik, behin betiko soluzioa lortu behar duena”.
Birritan esan du enpresak bat egiten duela bizilagunen kezkarekin, “guretzako, beste edozerren gainetik, bereziki sentikorra den gai humano eta soziala da hau”. Zentzu horretan, aginte organoei, udalerri mailan nahiz autonomikoan, aukera eskaini die azpiegiturak erosteko, betiere haiek bermatuko badute, aurrerantzean, babesturiko alokairuak mentenduko direla.
“Beste edozein irtenbide errealista hausnartzeko prest gaude”, bukatu du Jaureguizarrek, baina ez dute bideragarritzat jo Eusko Jaurlaritzak eskainitakoa: “2021eko abenduko errentamendu sozialerako diru laguntzak oso urrun daude administrazioen erantzukizuna den ardura hau gure gain hartzeak suposatuko ligukeen esfortzua konpentsatzetik”.