Arramendiko kontratuak diru laguntzen bidez luzatzea nahi du Jaurlaritzak
Jaurlaritzak etxe horiek erosiko ez dituela azaldu eta Jaureguizarri aukera eskaini dio, diru laguntzak baliatuz, alokairuak mantentzeko.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Eusko Jaurlaritzan dauden laguntzei heltzeko aukera eskaini dio Arramendiko etxebizitzen jabe den Jaureguizar enpresari. Horri atxikita, Pontikako babes ofizialeko 40 etxebizitzen alokairu babestua mantendu eta, ondorioz, egungo maizterrek bertan jarraitzea ahalbidetuko litzateke.
EAEko gobernuaren arabera, enpresa dagoeneko aukera horren jakitun da, eta bere teilatuan dago, beraz, pilota. Jaureguizarrek erabaki beharko du finantziazio hori onartu eta kontratuak luzatuko dituen, edo ez. Laguntza horiek joan den abenduan onarturiko hainbat neurri sortaren baitan kokatzen dira, eta 15.000 euroko hobaria aurreikusten dute gutxienez 10 urtez alokatzen den etxebizitza bakoitzeko.
Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen jabe den enpresari eskaria egiteaz gain, Errenteriako Udala ere interpelatu du: “Eskatzen diogu konponbide horren alde egin dezala ahal duen neurrian baliabideak ere emanez”.
Jaurlaritzak ez ditu etxe horiek erosiko
Aspaldi dago inplikatutako aldeen ahotan Eusko Jaurlaritzak etxebizitza horiek erosi eta, hala, babespeko egoera luzatzeko aukera. Gaur bertan egin dute eskaera jendaurrean bizilagunek, Donostian. Eskari horri zuzenean erantzun nahi izan dio aginte organoak, azalduz zergatik erosketa horrek ez lukeen bermatuko egungo bizilagunek euren etxebizitzak mantentzea.
Lehenik eta behin, azaldu dute aukera hori soilik gauza daitekeela salerosketa operazio bat dagoenean martxan, eta hori oraingoz ez da gertatu. Bestalde, bizitoki horiek prezio mugatuak dituzte eta horien erosleek etxebizitza premia frogatu behar dute, ez dira beste baten jabe izan behar eta ez dituzte ezarritako diru-sarreren mugak gainditu behar. Alderdi horiek guztiak administrazio horrek egiaztatu beharko lituzke, nahitaez eta aldez aurretik.
Gehiago esan dute: “Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzaren jabetzara pasatzen diren etxebizitzak baremazio-prozesu protokolizatu baten bidez esleitzen direla etxe horiek dauden herriko eskatzaileen artean. Bide horrek, beraz, ez du bermatzen egungo maizterrak etxe horietan geratzea”.
Horregatik guztiagatik, gaiari “zentzuzko irtenbidea” aurkitzeko aukera egokientzat jo dute Jaureguizarrek aipaturiko diru laguntzak baliatzearena.