Asteburuan Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa jokatuko da Pasaian
Larunbatean Gipuzkoako Trainerilla Ligari amaiera emango diote. Igandean, berriz, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa jokatuko da.
Liga laburra izan den arren, iazkoak baino bi jardunaldi gehiago izango ditu aurtengoak, bost guztira. Covid19-aren murrizketarik gabe, jende ugari hurbildu da Gipuzkoako Trainerilla ligaren ikuskizuna ikustera eta giro aparta sortu da estropada guztietan. Gainera, ezusteko eta gora-behera ugari izan dira orain arteko jardunaldietan, beraz, lehia bizia espero da asteburuan.
Larunbat honetan, 11:00etan, Pasai Donibanen emango diote ligari amaiera eta azken jardunaldi hau, igandean, 11:00etan, leku berean jokatuko den Gipuzkoako Trainerilla Txapelketaren sailkapen estropada izango da ere.
Trainerilla ligaren 5. jardunaldia binakako txandetan jokatuko da erlojupeko modalitatean. Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa, berriz, lau luzeetara jokatuko da eta arraunlariek 3.500 metro burutu beharko dituzte. Orain arteko jardunaldietan ez bezala, lau kaletara jokatuko dira finalak.
Halaber, gogoraraztea komeni da estropada guztietan parte hartu ez duten ontziak ez direla kontuan hartuko ligaren azken sailkapenari begira, eta beraz, ez dutela podiumean egoteko aukerarik izango.
Emakumezko jubenilak
Lehenengo eta bigarren jardunaldiak ez ziren puntuagarriak izan, bi lehiaketa horiek Estatuko Batel Txapelketarekin bat egiten zutelako. Sanjuandarrak aipatutako Txapelketan aritu ziren (eta baita irabazi ere) eta beraz, bi lehiaketetan parte hartu ezin zutenez, jardunaldiak ez puntuagarriak bihurtzea erabaki zen -berbera gertatu zen gizonezko jubeniletan lehen jardunaldiarekin-. Hori horrela, hirugarren eta laugarren jardunaldien ostean, errenteriarrak dira liderrak 9 punturekin, sanjuandarrak bigarren 8 punturekin eta zumaiarrak hirugarren 7 punturekin.
Gizonezko jubenilak
Gizonezkoetan, proba baten faltan, sanjuandarrak dira liderrak 20 punturekin. Arrosek parte hartu dituzten hiru jardunaldietatik bi irabazi dituzte. Zumaiarrak dira bigarren 15 punturekin eta sanpedrotarrak hirugarren, gorriek baino puntu bat gutxiagorekin.
Emakumezko absolutuak
Emakumezko absolutuetan berdinketa dugu zumaiarren eta donostiarren (Donostia Arraun Lagunak) artean. 22 punturekin daude biak ala biak. Hondarribiarrak hirugarren dira 21 punturekin, baina parte hartu duten jardunaldi guztiak irabazi arren, Mutrikun egin zen lehenengo jardunaldian parte hartu ez zutenez, ez dute liga irabazteko aukerarik izango.
Gizonezko absolutuak
Emakumezkoetan bezala, gizonezkoetan ere berdinketa dago jardunaldi baten faltan. 37 puntutara berdinduta daude Getaria A.E.ko eta Orio A.E.ko ontziak. Hirugarren sailkatua San Juan da 36 punturekin. Laugarren postuan hondarribiarrak dira, baina lau jardunaldietatik bi irabazi dituzten arren, ez dute liga irabazteko aukerarik izango, nesken antzera, lehen jardunaldian parte hartu ez zutelako.
Gipuzkoako Trainerilla Ligaren sailkapena osorik eta asteburuko estropaden dossierra Gipuzkoako Federazioaren web orrian aurkituko dituzue.