Liburutegiak asteburuetan eta jai egunetan irekitzeko eskatu du PSE-EEk
Udalerriko gazteek urte amaierako azterketak prestatzeko udal guneak eskaintzea beharrezkotzat dute sozialistek.
Maiatzeko, ekaineko eta uztaileko asteburuetan eta jai egunetan Lekuona eta Bizarain liburutegiak irekitzeko eskaera egin du talde sozialistak udal erregistroan. Kurtso amaierako azterketei begira ikasle gazteei ikasteko gune publikoak eskaintzea ezinbestekotzat du Isaac Palencia PSE-EEko bozeramaleak: “Oso garrantzitsua da goiz eta arratsaldeko ordutegian sarrera baimentzea Lekuonan zein Bizarainen, modu horretan udalerriko erdialdeko eta goiko aldeko ikasleei erraztasunak emateko”.
Sozialisten aburuz funtsezkoa da udaletik ikasleei babesa ematea eta aurreko urtetan iniziatibak izandako arrakasta azpimarratu dute. Bide berean, egungo legealdian udal gobernuak data horietan liburutegiak irekitzeari utzi duela salatu dute sozialistek, eta erregua egin diote gobernuari iniziatiba hori berreskuratzeko.