[Elkarrizketa] «Kolore guztietako manifestazioa egin nahi dugu bihar»
Euskara Aurrera dinamikak manifestazioa antolatu du biharko, Donostian. Mobilizatzera deitu dituzte «euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten guztiak».
Malen Frantsesena. Zegatik ikusi duzue mobilizatzeko beharra?
Manifestazioa deitu dugu batez ere euskararen egoerak arduratzen gaituelako. Azken urteetan ikusteko aukera izan dugu euskararen erabilera datuak nola jaitsi diren. Ia mundu guztiak daki euskara, baina oso gutxik erabiltzen dute. Euskalgintzan orokorrean beherakada handia eman da. Beherakada horrekin lotuta, askotan jendea ez da konturatzen ez dagoela euskaraz %100ean aritzeko aukera. Herri batzuetan bai, baina ez denetan. Eta horri gehitu behar zaio euskararen kontra hartutako zenbait erabaki politiko. Hori guztia ikusita mobilizatzeko garaia dela ikusi dugu, borrokatu beharra dagoela.
Eragile ugari elkartu zarete, ez da bakarrik gazteei begirakoa, ezta?
Halaxe da. Adinak ez du inporta kasu honetan. Egia da manifestazioaren antolakuntzan Gazte Euskaltzaleen Sareko kide bezala hartu dugula parte, baina eragile eta norbanako asko batu dira. Kolore guztietako manifestazioa egin nahi dugu, denek izango dute lekua: gazteak, helduak, euskaraz aritzen direnak, gazteleraz, frantsesez… Euskararen alde dauden guztiak deitu ditugu.
Zer aldarrikatuko duzue bihar Donostian?
Jendea kontura dadila euskararen borrokak hor jarraitzen duela, oraindik ere hizkuntzak indarra eta babesa behar dituela. Hizkuntza batek bizirauteko babes asko behar ditu, soziala, administratiboa, legegilea… Eta hori guztia ez da bakarrik hitz egiten dutenen aldetik etortzen. Ofizialki inor ez dago euskaren kontra, baina egunerokoan erakutsi behar da hori.
Aurkezpenean esan zenuten euskararen etorkizuna ez dagoela bermatuta.
Hala dela uste dugu. Askok diote: ‘Euskaraz egiten badut, ez da galduko’. Baina orain dagoen egoerarekin eta ikusita zenbat jaitsi den azkenaldian erabilera, egoera konplikatua da. Euskararen alde borrokarik egiten ez bada, edozein momentutan gal daiteke. Kanpotik etortzen den jendeak ikusten du euskararik gabe ongi bizi daitekeela Euskal Herrian, orduan, ez dute hizkuntza ikasteko apusturik egiten. Jendea ez da konturatzen euskara ez ikaste horrek ondorio latzak dakartzala, erakundeei ere erakutsi nahi diegu babes hori beharrezkoa dela, benetakoa behar duela izan. Benetako laguntza eman dezatela eskatzen diegu, ez ditzatela soilik egitasmotxoak egin.
Zergatik animatu herritarrak biharko mobilizaziora?
Beraien etorkizuna euskaraz irudikatzen badute, edo Euskal Herri euskaldunean irudikatzen badute euren etorkizuna, anima daitezela. Euskararen aldeko borrokan jarraitu behar dugu. Orain arte sinadura bilketa egiten ibili gara, eta herritarren erantzuna ona izan da. Espero dugu jendea animatuko dela. Herri askotatik autobusak eta bestelakoak antolatu dituzte.
Mobilizazio gehiago egiteko asmorik duzue?
Oraingoz manifestazioa dugu jomuga, eta gero ikusiko dugu. Gazte Euskaltzaleen Saretik hainbat egitasmo ditugu.
