[Erreportajea] Sareak talka leuntzen baitu
Emakume migratuak akonpainatzeko Itsasargia programan parte hartu dute Lucia Marjanovic eta Izaskun Barbierrek. Migrazio prozesuek dakarten bakardadeaz eta talka kulturalaz mintzatu dira.
Hona etortzekoa nintzenean 50 urte bete berri nituen. Nola sartzen dituzu 50 urte bi edo hiru maletatan?». Santiagon (Txile) bizitza oso bat utzi eta «maitasunagatik» Euskal Herrira etorri zen Lucia Marjanovic; 2020ko otsailean heldu zen Pasai Antxora, baina ordutik bi urte pasatxo joan diren arren, pandemia ez da izan bizilagunekin harremandu eta saretzeko bidean topatu duen galga bakarra. Sozializatzerakoan igarri duen talka kulturalaz mintzatu da.
«Zaila da, hemen, bizi osoko kuadrilla batean sartzea», aitortu du Izaskun Barbierrek. Hura sortzez da antxotarra, baina herrian topo egiteaz gaindi, beste zerbaitek lotu zituen bi emakumeen bideak: Pasaiako Udalak 2019an abiaraziriko Itsasargia programak. Emakume migratuekin akonpainamendu sozio-komunitarioa gauzatzean datza saiakera. «Pasaiako itsasargiak nabigatzaileari etxera iristeko bidea erakusten dion bezala, Itsasargia programak herriko emakume eta emakume-elkarteen laguntzarekin, Pasaiara iritsi berriak diren emakumeei harrera egitea eta integrazio prozesuan laguntzea izan du helburu», azaldu dute udal arduradunek.
SOS Arrazakeriako Silvana Luciani, Elhuyarreko Idurre Zugazagastirekin batera, programaren dinamizatzaile lanetan aritu da. Lehenak esan du, funtsean, heldu berriak diren emakumeen «laguntza sarea zabaltzea» izan dutela ardatz bide honetan. «Izan ere, emakume askok nabarmentzen dute bakarrik sentitu direla migrazio prozesuan».
Bakardadea
Babesgabe sentitu izan den horietako bat da Marjanovic. «Txilen milaka lagun ditut, eta hemen nagoenetik haiekin hitz egiten dudan aldiro galdetzen didate: ‘Baduzu lagunik jada? Ezagutu duzu norbait?’, eta nik ezetz. Zaila da hemen, oso, lagunak egitea». Errealitate horrekin aurrez aurre topo eginda, txiletarrak ez zuen birritan pentsatu Itsasargiaren iragarki bat prentsan ikusi zuenean arduradunekin harremanetan jartzeko. «Zerbait bilatu behar nuen jendea ezagutzeko», aitor egin du, «hilabete baineraman etxetik lanera eta lanetik etxera. Ez nekien Antxon liburutegi bat zegoenik ere!».
Herritarrekin nahiz herriarekin saretzeko prozesu horretan bidelagun izan du Barbier. Itsasargiak mentore eta mentoratu figurak sortu ditu, eta bikote hori osatu dute biek ala biek azken urtean. Beste hainbat ere egon dira.
Sortzez antxotarra denak, norbanako bezala ez ezik, Bekoz Beko Elkarteko kide bezala ere parte hartu du programan, eta «emakume guztien lokala» denaren ateak parez pare zabaldu dizkio etorri berriari.
«Luciaren akonpainamendua emozionala izan da batik bat; konpainiazkoa, norbaitekin egon eta hitz egitekoa…». Bekoz Beko 2006an sortu zenetik, «inkontzienteki», orotariko akonpainamenduak egin izan dituztela esan du Barbierrek, nagusiki etorri berriak diren emakumeei paperak formalizatzeko prozesu neketsuan lagunduz. «Hori ez zen, baina, nire kasua», iruzkindu du txiletarrak, «nik paperak banituen. Behar nuena harreman sare bat zen».
Talka kulturala
Barbierrek bere azalean bizi izan du atzerrira mugitzeak berezko dakarren sufrimendua. «Dena utzi behar duzu atzean». 20 urte zituela joan zen hura Londresera lana bilatzera, sorterrian 5 urteko esperientzia eskatzen baitzioten lan egin nahi zuen enpresa guztietan. «Pentsa, nik banekiela hori behin-behinekoa izango zela, urte batzuetarako, eta berdin-berdin oso gogorra egin zitzaidan. Lehen hilabetea etxean negarrez pasa nuen; bakarrik nengoen, ez nuen inor ezagutzen».
Txiletarrak uste du, dena den, Hego Ameriketan oso bestelakoa dela etorri berrien egoera eta horiek artatzeko ingurukoek egin ohi duten ahalegina. Marjanovic Ekuadorren finkatu zen 8 urtez, eta bizitakoak zerikusirik ez duela esan du: «Jendeak edozein izkinatan musika jarri, eta hortxe bertan hasten dira dantzan! Urtebetetze bat astelehenean jausi, eta astelehenean ospatzen dute! Beste modu batera bizi eta harremantzen dira bertan». Eguraldi eguzkitsuak jendea irekiago ez ote duen egingo galdetu diote elkarri bi emakumeek, barre artean.
Kontzientziatuta agertu dira, dena den, Latinoamerikako zenbait herrialdetan emakumeek sufritzen duten zapalkuntzarekin. Ekuadorren izan zenean txiletarrak etxe agentzia batera deitu zuen pisu bat ikusteko, eta bertakoek eskatu zioten senarrak dei zezan, hari emango ziotela hitzordua. Txileko egoera, oso mantso bada ere, hobera doala uste du bertan jaiotakoak. Barbier, ordea, kezkati agertu da azken urteotan ikusten ari denarekin: «Urrezko urte batzuk bizi izan ditugu, baina ez dakit azken aldian ez ote garen apur bat atzera egiten eta lortutakoa galtzen ari…».
Bide luzea dute oraindik aurretik emakumeek eskubide duinak lortzeko borrokan, baina mentore nahiz mentoratuak bizitakoarekin ezer garbirik atera badute, elkarrekin bidea samurragoa dela da. Kafe bat hartzera gonbidatuko zaituen norbaitekin edota, besterik gabe, herriko liburutegia non dagoen erakutsiko dizun norbaitekin. Esku bat behar duenak, parez pare zabalik topatuko ditu Bekoz Bekoko ateak. «Etorri», esan du kideak, «ez zaude bakarrik».
«Eguneroko gauza txikien bitartez lortuko dugu benetako helburua»
LORETO OSA OCON. Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia.
«Pasaiako Udala aspalditik ari da herrian bizi diren bizilagun guztien aukera berdintasuna eta elkarbizitza positiboa bermatzeko urratsak egiten: harrera protokoloa, aholkularitza juridikoa, jatorri askotariko emakumeen taldea, 2019. urtean aurrera eramandako gizarte mentoretzako proiektua… Testuinguru honetan, aurrera begira ere lanean jarraitzeko, geldialdi bat egin, eta egindako ibilbidearen zatitxo bat jasotzea ere bada helburua.
Gizarteratzea erakunde, eragile eta gizarte zibila osatzen duten pertsonen arteko parte hartze prozesu bateratu bat dela uste dugu. Izan ere, eguneroko ekintza txikien bitartez lortuko dugu benetan aipatu dugun eta proposatu dugun helburua».