Bueltan da sagardoaren festa handia
Larunbatean 18 sagardogileren uzta dastatzeko aukera izango dute oiartzuarrek, goiz zein arratsaldez.
Etenaldi luze baten ondoren, bueltan da Oiartzungo Sagardo Eguna, XXXI. edizioak herriko erdigunea hartuko du larunbatean (hilak 28), goiz zein arratsaldez. Urteko uzta dastatzera gonbidatu dituzte oiartzuarrak Girizia elkarteak eta udalak.
Goizean zehar azoka egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. 12:00etan berriz, aurtengo lehen txotxaren txanda helduko da, baserriko sagardo dastaketa egingo dute udaletxe atzeko plazan. 17:00etan haurrak izango dira protagonistak, haientzako jolasak eta txokolatada antolatu baitituzte. 18:00etan hasiko dute sagardo dastaketa ofiziala, Done Eztebe plazan.
Ondorengo sagardoak dastatzeko aukera egongo da: Arkale, Baleio, Bianditz, Cidreri, Erroilbide, Goiko Lastaola, Harritxuita, Igoin, Larregain, Lindurenborda, Lizeaga, Monondi, Oialume zar, Oianleku, Ordozelaia, Petritegi, txurrumurru eta Urkabe.