Trintxerpeko utzikeria salatu dute barrutiko elkarteek
Ziriza eraikinaren erabilerak zehazteko parte hartze prozesua eskatu dute elkarteek, Antxon Luzuriagarekin egingo den modura.
Trintxerpeko elkarteek etsipena erakutsi dute barrutiko egoeragatik. Elkarteen aburuz Pasaiako Udalak guztiz abandonaturik du Trintxerpeko barrutia. Herritarren iradokizunei ez zaiela kasurik egiten eta Ziriza eraikineko erabilerak zehazteko parte hartze prozesurik ez dagoela salatu dute. Ziriza eraikina berreskuratzea ezinbestekotzat dute, eta barrutiko arazoak konpontzeko gogoa beharrezkoa dela defendatu dute elkarteek.
Trintxerpen aisialdirako guneen, parkeen eta zonalde berdeen eza handia dela jakitera eman dute, eta hortaz aparte irisgarritasuna ere azpimarratu dute. Izan ere, etxebizitza asko daude igogailurik gabe Trintxerpeko elkarteen arabera.
Izaskun Gomez alkateari hainbat galdera egin dizkiote: “Espainiako Kultura ministroa Albaolan egon da. Berreskuratu nahi diren zaharkitutako guneak erakutsi al zaizkio? Zergatik ez zaio amaierarik ematen Ziriza eraikina berreskuratzeko prozesuari? Zergatik ez da prozesu parte hartzailea burutzen Zirizako erabilerak adosteko?”
Trintxerpeko barrutiaren alde lan egin dezatela eskatu diete elkarteek Izaskun Gomez alkateari eta alderdi guztietako zinegotziei.