Birziklatutako materialarekin egindako Victoria ontzia ikusgai Bizkaia Plazan
Pasai Donibaneko Bitxus ileapaindegiko Javierrek egindakoa da. Larunbatean 15 lagun inguru Elkanoren mundu bira antzeztuko dute.
Urteak pasa dira Pasai Donibanen San Inazio Egunean Bira Nautikoa egiteari utzi ziotenetik. Egun horretan, su-artifizialak botatzen eta danborradak jotzen zituzten bitartean, badian gabarra modukoak itsasoratzen zituzten barrutiko elkarteek. Antzinako tradizioari helduta, Pasai Donibaneko Bitxus ileapaindegiko Javierrek Victoria ontziaren erreplika sortu du birziklatutako materialarekin: Botilak, plastikoak, oihalkiak… Denetarik erabili du ontzi historikoaren imitazioa egiteko garaian.
Zoritxarrez, ezin izango du badiako uretan itsasoratu. Horregatik, Bizkaia Plazako aparkalekuan egongo da ikusgai Itsas Festibala ospatzen den egunetan: “San Inazio egunean ateratzen ziren gabarra modukoak orain dela 45 urte ez direla ateratzen. Hori irudikatzea zen nire asmoa, eta horretan pentsatzen ibili gara lanean”. Hala ere, Victoria ontziaren erreplika ikusteaz gain, zerbait berezia egingo dutela jakinarazi du Bitxus-eko arduradunak: “Elkanoren mundu bira antzeztu nahi dugu larunbatean. 14 pertsona inguru egongo gara Victoria ontzian”.
Azkenik, egindakoa ez duela bakarrik egin gogoarazi du Javierrek, eta eskerrak eman dizkie sanjuandar guztiei emandako laguntzagatik.