Lankidetza-hitzarmena eskualdean energia plana gauzatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren artean sinatu da akordioa.
Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urteko lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute. Oarsoaldeak eskualdeko energia-egoeraren diagnostikoa egin zuen 2021ean. Orain, energia-plan eguneratua lortu nahi du, hurrengo urteko beharrei erantzuna emateko.
2022-2023 urtera begira hainbat ekintza planteatu ditu Oarsoaldeak. Batetik, 2021eko urtarrilean irekitako Energia Bulegoari jarraikotasuna eman nahi dio, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko asmoz. Bestetik, ekintza-plan bat prestatzen hasi da Oarsoaldea.
2023 urtera begira, aipatutako Energia Bulegoarekin jarraitzeko asmoa du Garapen Agentziak. Bulegoak lortutako emaitzen arabera, ekintza ezberdinak proposatuko dituzte. Bigarren ekintza nagusia industrialdeetako energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduetara bideratuko da.
Azkenik, ikastetxeetan garatzen diren 50/50 bezalako proiektuetan lan egiten jarraituko dute. Aipatutako proiektuen helburua hezkuntza-komunitateetan ohitura jasangarrien inguruan kontzientziatzea da, energiaren eta uraren kontsumoaren inguruko jokabideak aldatzeko.