Lehen Kanterri ikastaroa egingo dute Oiartzunen, uztailaren 11 eta 12an
Euskarazko kantagintzaren inguruan hausnartzeko bi jardunaldi egingo dituzte, luxuzko sei gonbidaturekin: Fermin Etxegoien, Anari Alberdi, Itxaro Borda, Ihintza Orbegozo, Imanol Epelde eta Jon Maia.
‘Kanterri: Euskaraz kantatzen duen herria’ izeneko ikastaroa antolatu dute lehenengoz Oiartzungo Udalak, Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak. Euskarazko kantagintzaren inguruan hausnartzeko bi jardunaldi egingo dituzte datorren uztailaren 11 eta 12an (astelehena da), luxuzko sei gonbidaturekin: Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria, Anari Alberdi musikaria, Itxaro Borda idazlea, Ihintza Orbegozo musika kritikaria, Imanol Epelde musikari eta irakaslea, eta Jon Maia bertsolaria. Saioak udaletxean eta Arizmendieneko lorategian izango dira.
Euskarazko kantagintzaren “ikasgune eta bilgune” izan nahi du Kanterrik, eta euskarazko kantagintza aztertu eta hura sustatzeko baliabideak eskaini nahi dituzte. Izen emateko aukera dago jada, ekainaren 24ra arte apuntatu daitezke herritarrak, lotura honetan.
Ikastaro osoak 40 euroko prezioa du. Bestela, egun bakarragatik 25 euro ordaindu beharko dira eta Berrialagunek eta soldatagabeek aldiz, 30 euro ordaindu beharko dituzte.
“Euskarazko musikaren eta literaturaren arteko elkarreraginez sortutako kantagintza aztertzea. Kantagintzaren ekarpen historikoaz gogoeta egitea alderdi guztiak kontuan hartuta. Letrak sortzen trebatzen laguntzea. Kantagintzaren transmisiorako baliabideak eskaintzea. Euskaraz kantatzeko grina transmititzeko bideetan sakontzea”. Helburu horiekin antolatu dute Kanterri.