PSE-EE larrituta agertu da merkataritzaren gainbeheragatik
Errenterian 424 komertzio existitzen ziren 2017an. Sozialisten arabera gaur egun komertzioen kopurua ez da 350ra heltzen. Joerari buelta emateko beharra azpimarratu du talde sozialistak.
2017tik gaur arte %17,5 jaitsi da komertzioen kopurua Errenterian, PSE-EEren esanetan. Azken bost urteetako beherakadak Errenteria merkataritza lokal gehiago itxi diren zerrendako goiko postura eraman du sozialisten arabera. Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren datuetan jasota dago belaunaldien errelebo ezak, jubilazioek edo online bidezko salmentek eragin dutela aipatutako egoera.
PSE-EEren aburuz, egoerari buelta ematea beharrezkoa da. Horretarako, udaletik babesa eta garapen ekonomikoa bultzatu behar da sozialisten arabera. Isaac Palencia Errenteriako PSE-EE buruaren ustez komertzio txikien modernizazioa bultzatu behar da: “Tokian tokiko merkatariek balio erantsia badute, merkatal guneetatik aldentzea errazagoa egingo zaie”.
Azken urtetan hainbat ideia proposatu dituztela eta udal gobernuak gehienak albo batera utzi dituela salatu du talde sozialistak. Horien artean, udalerriko merkatarientzako online plataforma sortzea, formazio programak antolatzea, ‘Bizi Errenteria’ bonu berriak sortzea, liburutegiko erosketa berezia egitea, ekintzailetza eta digitalizazioa bultzatzea, eraberritze laguntzak alde zaharretik harago eramatea eta auzoetan gune erakargarriak sortzea daude.
Udal gobernuak proposatutako neurri gehienak kontutan hartzen ez dituelako etsipena erakutsi dute sozialistek.