AHTaren obrek Lezo eta Gabierrota arteko pasabidea desagerraraziko dutela salatu dute
Kaputxinoak eta Loiolako tunelak eraikitzeko hainbat zubi eraitsi nahi dituztela salatu du Oarsoko AHTaren Kontrako Taldeak, tartean, Gabierrotakoa.
Oarsoko AHTaren Kontrako Taldeak kezkati jarraitzen du, Donostia eta Irun artean Abiadura Handiko Trena igaro ahal izateko hirugarren hariaren obrak “kalte larriak” eragiten ari baitira aldiriko zerbitzuetan. 2018an hasi zituzten lanak, eta ordutik, tren zerbitzuak “bidaiari asko galdu” dituela esan dute. “Lezo-Orereta eta Irun artean trenbide bakarra dago erabilgarri. Honek ondorio ugari dakartza, izan ere, tren ordutegien murrizketa, zerbitzu eskasa, trasbordoak egin beharra, murrizketak, bertan behera uzteak eta azalpen ezak eguneroko ogi bilakatu dira azken sei urteotan”, esan dute, haserre.
Arazo horiez gain, Lezo eta Gabierrota artean dagoen pasabidea desagertuko dela ere salatu dute. Orain Gaintxurizketa, Kaputxinoak eta Loiolako tunelak eraiki behar dituzte, eta ondorioz, hainbat zubi eraitsi nahi dituztela salatu du taldeak, tartean, Lezo eta Gabierrota arteko pasabidea. “Baserri gunea zeharkatu eta toki askotan zuhaitz eta landaredia txikitzen ari dira”.
10 urtez AHTak “jende arruntaren tren arrunta izorratu” duela erantsi dute taldeko kideek. “Ez al da hau inpaktu handiko atentatu terrorista bat? Hasierako aurrekontua 185 milioitakoa da, etendako obrak berrasteko beste 85 milioi gehiago xahutu dira. Zenbatekoa izango da AHTa kosta ala kosta inposatu nahiaren kostua?”, esan dute azkenik.