Arizmendieneako turismo bulegoa, bihartik zabalik
Baliabide turistikoei, gastronomiari, kultura ondareari eta naturari lotutako informazioa eskaintzeaz gainera, doako bisita gidatuak eskainiko dituzte etxe museoa gertutik ezagutzeko.
Bihartik (uztailak 1) aurrera Arizmendienea etxe museoko turismo bulegoa erabilgarri egongo da, abuztuaren 31era bitarte, egunero. Udalak jakinarazi duenez, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bertaratu daitezke herritarrak.
Bulegoan, herriko eta Oarsoaldeko baliabide turistikoei, gastronomiari, kultura ondareari eta naturari lotutako informazioa eskaintzeaz gainera, doako bisita gidatuak eskainiko dituzte etxe museoa gertutik ezagutzeko. XVIII. eta XIX. mendeetako elementu ugari kontserbatzen dira eraikinean.
Bisita gidatu horiek uztaila eta abuztuan egingo dituzte, ostiral, larunbat eta igandeetan, honako ordutegian: ostiraletan 12:00etan euskaraz, gazteleraz edo frantsesez, eta larunbat eta igandeetan 10:00etan eta 12:00etan euskaraz eta 11:30ean eta 13:00etan gazteleraz. Erreserbak 943 50 89 13 telefono zenbakira deituta edo helbide honetara idatzita egin beharko dira.