Xanistebanetarako musika zerrenda osatuko dute herriko gazteek
Aurtengo jaietan eta udan "musikaren bidez ere euskara bultzatzeko" asmoa dute udalak, Elizalde institutuak eta Haurtzaro Ikastolak. 10-25 urte bitarteko gazteei galdetegi bat erantzuteko gonbita egin diete.
Xanistebanetarako hilabete eskas falta den honetan, aurtengo jaietan ere udalak musika zerrenda bat osatu nahi du herriko gazteekin elkarlanean, “musikaren bidez ere euskara bultzatzeko” asmoz. Gazteen proposamenak jasoko ditu udalak, eta horretarako galdetegi bat zabaldu dute Ttiriki-ttauki (Elizalde institutua) eta Eskuttun (Haurtzaro Ikastola) euskara batzordeek. 10-25 urte arteko gazteek ahalko dute erantzun, uztailaren 4ra arte, lotura honetan.
Bi baldintza bete beharko dira: 10 kantatik gutxienez 8 euskaraz izatea eta edozein arrazoirengatik mingarriak diren kantak baztertuko dituzte. Jasotako proposamenen artean, 10 kanta bozkatuenen zerrenda osatuko dute Spotify plataforman.
Partaide guztien artean bozgorailuak eta xanistebanetarako barraketarako fitxak zozkatuko dituzte.