Lezoarren artean "bizi ohitura aktibo eta gozagarriagoak" txertatuko ditu Muittubizi!-k
Astelehenetik aurrera bizikleta mailegu zerbitzu berria martxan jarriko du udalak. Zortzi bizikleta elektriko tolesgarri jarriko dituzte erabilgarri, eskualdera edota Donostiara egiten diren desplazamenduetarako.
Bizikleta mailegu zerbitzu berria jarriko dute martxan Lezon datorren astelehenean (hilak 22), Muittubizi! izenekoa. Eskualdeko gainerako herrietara edota Donostiara egiten diren desplazamenduetarako pentsatu dute zerbitzu berria. Hala, zortzi bizikleta elektriko tolesgarri aukeratu dituzte zerbitzua emateko.
Aurrez aurretiko sistema izango da, Bekoerrota kiroldegiko harreran mailegatu eta bueltatu beharko dira. Alta eman beharko da zerbitzua erabiltzeko, eta udalak aurreratu du Lezoko kirol instalazioetako abonatuentzako doakoa izango dela. Gainerako lezoarrek urtean 10 euro ordaindu beharko dituzte. Ordukako mailegua egiteko aukera ere emango dute, honako prezioekin: 1,5 ordu 5 euro; hiru ordu 8 euro; egun erdia 12 euro; eta egun osoa 18 euro.
Irlentz Ortega zinegotziaren arabera, zerbitzuaren helburua da “herritarrak konturatzea bizikletaren erabilera euren eguneroko desplazamenduetarako oso eraginkorra izan daitekeela”. Honi lotuta, “bizi ohitura aktiboak eta gozagarriagoak txertatu” nahi dituztela erantsi du zinegotzi lezoarrak, baita ere “desplazamendu mota eraginkorrak sustatzea”.
Bizikleta mailegatzerakoan giltzadun giltzarrapoa jasoko dute erabiltzaileek, eta epea bukatzerakoan, bizikleta eta giltzarrapoa leku berean utzi beharko dute. Honako ordutegian egin daitezke maileguak: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 21:00etara; larunbatetan 8:15etik 1400etara eta 15:1etik 20:00etara; eta igande eta jai egunetan 9:00etatik 13:30era.
Zenbat bizikleta libre dauden jakiteko lotura honetara jo beharko da, edo bestela, Lezoko APPan ere kontsulta daiteke.
Pasaiakoak ere, erabilgarri
Udalak jakinarazi du Pasaiako Udalarekin sinatutako lankidetza akordio bati esker Pasaiako mailegu zerbitzuko bizikletak ere erabiltzeko aukera izango dute alta eman duten lezoarrek. Bizikleta horiek bi herrietako edozein mailegu guneetan uzteko aukera egongo da. Informazio gehiago jasotzeko 943 51 03 11 telefono zenbakira deitu daitee.
