[Elkarrizketa] "Nire helburua momentuaz gozatzea izango da"
Bigarrenez igoko da Arrizabalaga Kilometro Lezoren oholtza gainera. Iaz ez bezala, kontzertu akustikoa izango da aurtengoa. Bakarlari moduan hasitako bideari eusteko asmotan da: abenduan bigarren diskoa aterako du.
Iazko bizipenak ondo gogoan ditu oraindik lezoarrak. Herrian jotzeak beti sortzen ditu tximeletak sabelean, baina azken urte honek eszenatokian segurtasuna irabazteko balio izan dio. Esperientzia hori probestu nahi du biharko kontzertu laburrari ahalik eta zuku gehien ateratzeko.
Zein oroitzapen duzu iazko kontzertutik?
Egia esan oso kontzertu berezia eta polita izan zen. Lezon eman nuen lehen kontzertua izan zen, eta beti izaten da berezia norbere herrian jotzeko aukera izatea.
Gainera, ni ere orduan hasi nintzen maiatzean argitaratu nuen diskoaren kontzertuak ematen: ekainean hasi nintzen zuzenekoekin eta Lezoko kontzertua abuztuan izan zen.
16:20ean igoko zara oholtza gainera. Zer espero duzu aurtengorako?
Biharkoa laburragoa izango da: hogei minutuko kontzertua izango da, eta hiru abesti joko ditut. Iazkoarekin alderatuz, desberdintasun nagusia izango da iaz kontzertua talde batekin egin nuela, baina oraingoan nire gitarra eta biok bakarrik egongo gara: kontzertu akustikoa izango da.
Nire helburua izango da momentuaz ahalik eta gehien gozatzea, baina zerbait berezia ere egin nahi dut. Hori dela eta, abagunea aprobetxatuko dut hurrengo diskoko abesti bat kantatzeko. Hortaz, hiru abesti horietako bat berria izango da.
2021eko maiatzean atera zenuen lehen diskoa. Zer moduzko erantzuna jaso duzu?
Pixkanaka joan den gauza bat izan da. Hasieran, diskoa atera nuenean, zailagoa izan zen jendearengana iristea. Hala ere, motel, baina joan ziren kontzertuak agertzen. Orain, urtebete inguru pasa dela kontuan hartuta, eszenatoki gainean segurtasun handiagoa daukadala sentitzen dut, eta ikusten dut kontzertuak emateko aukerak ere errazago ateratzen direla. Azkenean, kulturan hasiberria izatea ez da batere erraza.
Udan, behinik behin, kontzertu ugari izan dituzu, ezta?
Bai. Bihar Lezon emango dudan kontzertua eta irailaren 17an Errenteria-Oreretan Atlantikaldiaren barruan emango dudana geratzen zaizkit. Orotara, zortzi kontzertu izan dira, eta uste dut hasiberria izateko ez dagoela batere gaizki; pozik nago.
Azken kontzertuak akustikoan ematen ari zara.
Bai. Lehen diskorako Iker Laurobak egin zidan alde instrumentala, eta hasieran zuzenekoetarako talde bat sortu nuen. Elkarrekin hiru kontzertu eman genituen, baina taldeak ez zuen aurrera jarraitu. Hortik aurrera, kontzertuak bakarka eta modu akustikoan ematea erabaki nuen.
Aurrera begira ere baduzu proiekturik eskuartean. Disko berri bat aipatu duzu . Zer asmo daukazu hemendik aurrera?
Hori da. Disko berria osatuko duten abestiak osatuta daude dagoeneko. Okerrik ezean, diskoa urrian grabatuko dut eta ideia da abendurako ateratzea. Hortxe dago.
PANDEMIAGATIK SORTUTAKO JAIALDIA, ETA ASKOTARIKOA
Kilometro Lezoren hirugarren ekitaldia da aurtengoa. Pandemiaren testuinguruan egin ziren lehen biak, 2020koa eta 2021ekoa. Hiru asteburutan banatu dituzte saioak, azkena honakoa izango delarik. Ion Pombar, Lezoko Udaleko Kultur zinegotziak jaialdiaren aurkezpenean esan zuenez, pandemia aroan jaialdia «ausardiaz» sortu zuten, «eta oso ondo atera ziren lehenengo bi edizioak. Herriko kultura sustatzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu».
Askotarikoa izan da lehen bi asteburuetako egitaraua (horren berri izateko joan oarsoaldea.hitza.eus-era), eta honako honetan ere badago zertaz gozatu: gaur, 23:00etan eta Herri Eskolako patioan Orratx! Antzerki Taldearen Ay, Karmela! antzerkia, eta bihar musika taldeen erakustaldi erraldoia (behean haien zerrenda), tartean Lezoko eta inguruko hainbat musikari direla.
Gainera, biharko musika emanaldi erraldoian (16:00etan hasiko da, 00:00ak inguruan bukatzeko) foodtruck gisako furgonetak izango dira, bertan nahi duenak jakiak eta otartekoak erosteko aukera izango duelarik. Barra ere jarriko dute.TALDEEN ERAKUSTALDIA, BIHAR, HERRI ESKOLAN
16:00. Gotzen.
16:20. Ilargi.
16:40. Caste.
17:00. La Basu.
18:00. Cliché.
18:30. Noa & The Herrl Drinkes And Friends
19:45. The Fake Cousins.
20:15. Artie Escolar DJa.
20:30. Love 23.
20:50. Liher.
22:15. Artie Escolar DJa.
22:45. La La Love You.