[Erreportajea] Irribarrez betetako egunak
Bi urteko parentesiaren ondoren, Oporrak Bakean programa berreskuratu dute. Oarso-Bidasoan hainbat haur sahararri harrera egin diete uda honetan, eguneroko gogor hartatik ihes egiteko aukera izan dute.
Mendebaldeko Saharako ehunka eta ehunka haurrek urte luzez Euskal Herrian bigarren etxe bat aurkitu dute Oporrak Bakean programari esker. Udaro, hango eguneroko gogor eta latz horretatik aldentzeko aukera aurkitu dute gurean. Horietako askori beharrezkoa eta merezi duten harrera egin diete Oarso-Bidasoko etxeetan. Pandemiak azken bi urteetako harrerak gelditu ditu, baina aurten bai, programa berreskuratu dute. Orain dela bost aste inguru hainbat haur heldu ziren gurera, eta harrera familia izan diren Pasai Donibaneko eta Irungo bi herritarrekin elkartu da Hitza.
Azken hamarkadetako egoera gogorra izan bada, 2020az geroztik gerra eguneroko ogi bilakatu da sahararrentzat. Marokok su etena helarazi zuenetik gerran orpoz orpo dabiltza gurera etorritako gehienen aita eta anaiak. Tindouf-eko kanpamendutik datoz haurrak, bertan, egun, 180.000 lagun inguru bizi dira, egoera lazgarrian. Umeak basamortuko udako muturreko baldintzetatik aldentzea du helburu programak, orain, abuztuan, 55 gradu inguruko tenperatuak erregistratzen baitira. Oinarrizko elikadura eskasia ere handia da, eta osasun zerbitzuak, hutsalak. Hori nabarmendu dute Oporrak Bakean programan parte hartu duten, eta ondorengo lerroetako protagonista diren bi emakumeek.
Harrera familia direnen profila heldua izan ohi den arren, 19 urterekin erabaki zuen lehenengoz haur saharar bati harrera egitea Junkal Bauza irundarrak. Hamza izan zen lehena, hamar urte zituen garai hartan. Aurten bere anai Saleh jaso du, honek bederatzi urte ditu. «Saharan ezagutu nuen anaia txikia, hara egin nuen bidaia batean». Aspalditik zerbait egiteko beharra sentitu du irundarrak, Saharako aferan mugimendurik ez zegoela ikusi baitzuen, eta orduan erabaki zuen bere hondar aletxoa jartzea. «Sekulako amorrua ematen zidan. Inork ez du ezer egin behar? Gaztea naiz eta gogoz nintzen, iniziatibarekin, eta gizarteari ekarpena egitea erabaki nuen», esan du.
Uda hau «berezia» izatean ari dela kontatu du, pandemiagatik atzeratu behar izan baitituzte harrerak. Ohiko bi hilabeteen ordez, bost astera mugatu dituzte aurtengo oporrak. «Asko ari gara gozatzen, igerilekuaz, hondartzaz… Medikura ere joan gara eta dentistara, behar handia zuelako. Gauza horiek guztiek hemen egiten dituzte, ezin dituzte han egin. Ez dira opor dibertigarri batzuk bakarrik, osasunaren aldetik beharrezkoak ere badira, oinarrizko behar asko bete gabe dituztelako, tamalez».
Afrikako hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin lanean ibilitakoa da Edurne Erkizia pasaitarra. Bidaia horietako batean Saharara heldu zen, eta bertako herritarrek Euskal Herrian izan zuten esperientzia entzutean erabaki zuen hemen ere laguntza ematea. «Bere garaian hona etorritako askorekin hitz egin nuen, eta ikustean nola hitz egiten zuten hemengo familiez esan nuen: ‘Horrelako istorio baten parte izan nahi dut», esan du, hunkituta.
Aurtengo Aste Santuan bigarren bidaia bat egin zuen bertara, alabarekin batera, eta han ezagutu zuen egun etxean duen bederatzi urteko Malika neskatoa. «Beraien mundua ezagutzeak uste dut asko laguntzen duela, asko errazten duela egokitzeko prozesua. Asko harritu gintuen. Han, esaterako, etxe guztietako ateak zabalik daude, errespetua eta alaitasuna da nagusi. Ikaragarria da. Konturatu gara Malikak askotan etxetik atera eta atea irekita uzten duela. Ederra da hori».
Irundarrak nabarmendu du «etengabeko hartu-eman bat» dela harrera familia izatea. Eizagirre gauza beraz aritu da, eta horrela laburbilduko luke azken asteetan bizitakoa: «Gehiago jasotzen da ematen dena baino. Ezin gara egon pentsatuz guk bakarrik emango dugula, haiek asko ematen baitute, zalantzarik gabe, guk emandakoa baino gehiago».
Behin edo bost alditan bizituta ere, lehen urtetik etxeko senide bat bilakatzen dira haurrak, biek argi dute hori. Esperientzia berbera bizitzera animatu dituzte herritarrak, hala dio irundarrak: «Askok diote diru aldetik ere karga dela haur bat jasotzea. Baina beti diot, plater bat gehiago da bakarrik, diru aldetik ez da hainbeste. Gogo kontua da».
Familia gutxi
Bi emakumeek nabarmendu nahi izan dute nabarmen jaitsi dela harrera familien kopurua Euskal Herrian, baita bertako udalerrietan ere. Premiazkotzat jo dute datorren urteari begira kontzientzia berpiztea ingurukoen artean. «Irunen harrera familia asko izan gara, hamalau ere urte batzuetan, baina aurten bakarrik bi gara. Behin eginda, ziur berriro errepikatuko dutela, merezi duela, eta haurrek merezi dutela», dio Bauzak.
Erreportaje hau argitaratzerako jada Saharako bidean izango dira denak. Oporrak bukatu dira, eta orain, berriro ere basamortuko infernua eta gerra aurrez aurre izango dute. Hala eta guztiz ere irribarre batekin igo dira hegazkinera, gogotsu baitira senide eta lagunekin elkartzeko. Erkizia: «Egoera okerrenean ere beti barrez daude. Zenbat ikasi behar dugun haietaz!».