Agustin Lekuona: "Auzo atseginagoa eta irisgarriagoa izango da Altzibar"
Altzibar auzoaren berritzea laster bukatuko dela iragarri du udalak. Agintaldi honetako erronka nagusietako bat dela esan dute.
Altzibar eraberritzeko lanak bukatzear daude. Hala ziurtatu du Oiartzungo Udalak. Auzoa itxuraldatu duten lanen bigarren lanak martxa onean doaz, eta datozen asteetan dena txukun egongo dela berretsi dute. Duela urtebete pasatxo hasi ziren lanak.
Oiartzungo bigarren auzo populatuenaren erdigunea biziberritzea “agintaldiko erronka nagusietako bat” izan da udal gobernuarentzat. “Auzoa berritu eta bizitzeko toki erosoagoa izateaz gain, mugikortasuna hobetu eta oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna handitu nahi izan ditugu”, adierazi dute.
Bi fase
Lanak bi fasetan egin dituzte. Lehenengoan hiru lan nagusi egin zituzten: AingeruZelai etxadiaren eremuan 105 autorentzako aparkalekua sortzea; Olalderako sarreran biribilgunea sortu zuten; ea Altzibartik Elizaldera igotzeko bidea berritzea.
Bigarren faseari dagokionez, auzoko lau kaleren azpiegiturak berritu zituzten: Klarene, Martintxo, Mikelete eta Donepetri. Zehazki, ur-hartuneak eta saneamendu sarea aldatu eta argiteria lurperatu dute. Oinezkoentzat bideak egokitu dituzte, eta errepide guztiak asfaltatuko dituzte.
“Beharra zuen”
Agustin Lekuona Hirigintza zinegotziak berretsi du erronka nagusietako bat zela Altzibarren biziberritzea. “Gune historikoa zaharkituta zegoen eta bagenuen auzoaren beharrei erantzungo zien proiektu garrantzitsua martxan jartzeko gogoa”.
Bere esanetan, behin lanak bukatzean, “auzo atseginagoa eta irisgarriagoa” izango da. “Gainera”, jarraitu du, “hasieran aurreikusita ez zeuden bi gune gehiago ere berritu ditugu”. Mikelete eta Done Petri kaleen artean dagoen plaza eta Mikelete kaleko 10 zenbakiko aparkalekua.
Esan duenez, obrek auzokideei “ahalik eta traba gutxien” sortzeko koordinazio lan handia egin behar izan dute. “Azken urte hauetan inbertsio garrantzitsua egin dugu auzoan, eta itxura polita hartzen ari da Altzibar. Aurrera begira, frontoi estalia egiteko egitasmoa ere badugu eskuartean”, iragarri du Lekuonak. Bere esanetan, modu horretan auzoaren behar nagusienei erantzun dietela iritzi du.
Proiektuak 1.700.000 euroko aurrekontua izan du.